Igeldoko toki entitate txikiaren batzorde kudeatzailea eratu dute

Eratu dute Igeldoko toki entitate txikiaren (TET) behin-behineko batzorde kudeatzailea. Ostegun arratsaldean egin dute horretarako bilera, Igeldoko Itsas Aurre egoitzan, eta batzorde kudeatzaile horrek kudeatuko du TETa 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetara arte.
TETeko lehenengo ordezkariek kargu hartu duten bileran parte hartu dute ere Donostiako alkate Eneko Goiak eta Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendozak. Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatu ditu behin-behineko batzorde kudeatzailearen ordezkariak, hauteskundeetako araudiak xedatutakoari jarraituz eta Hauteskunde Batzorde Zentralaren oniritziarekin, kontuan hartuta azken hauteskundeetan udalerria baino txikiagoa den lurralde eremuko entitatea osatzen duten hauteskunde taldean edo taletan udalerako lortutako emaitzak.
Horrela, EH Bilduk aukeratutako lau kide ditu batzordeak, Igeldoko Herri Kontseilukoak: Karmele Garmendia San Sebastian, Eneko Dorronsoro Aierbe, Iker Zinkunegi Arrillaga eta Pedro Maria Galarraga Treku. Bosgarren kidea EAJk hautaturiko Iñigo Barandiaran Benito da. “Behin-behineko batzorde kudeatzailea eratuta, Igeldoko toki entitatea txikiak bere ibilbideari ekin dio, eta aurten inbertsioak egiteko 357.703 euroko aurrekontua izango du”, nabarmendu du Donostiako Udalak.
Donostiako alkate Eneko Goiak eskerrak eman dizkie behin-behineko batzorde kudeatzailea eratu arte lan egin duten pertsona guztiei: “Igeldok ibilbide berria hasi du, eta horri esker igeldotarrek gertuko erakundea izango dute, hain zuzen ere, jasotzen dituzten zerbitzuak hobetzeko lan egingo duen erakundea”.