Zer plan astebururako?

Astebururako eta hurrengo egunetarako plan bila bazabiltzate, gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzue. Hala ere, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizuegu jarraian.
Ostiralean (hilak 7), bertso saio berezi bat proposatuko dizuegu. Martxoaren 8aren bueltan, XXXVII. Emakumeen Astea antolatu dute Intxaurrondo Kultur Etxean, eta, horren barruan, Emakumea eta kirola bertso saioa antolatu dute ostiralerako. Alaia Martinek, Oihana Iguaranek eta Elixabet Pagolak kantatuko dute, eta Ainhoa Urien izango da gai jartzailea.
Larunbatean (hilak 8), Antzoki Zaharrera joatea da gure proposamena. Izan ere, Sahararen aldeko kontzertu berezia eskainiko dute 20:00etan: Kantuan harresiaz gaindi. Artista ugarik hartuko dute parte, hala nola, Aurora Beltranek, Mikel Azpirozek, Maite Larburuk eta Travellin’ Brothersek. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 10 euroan.
Azkenik, igandean (hilak 9), euskal antzerki bat ikustera joatea proposatuko dizuegu: Sehaska-kanta gorriari. Arta kolektiboak antzezlan hori eskainiko du Lugaritz Kultur Etxean, Irene Balzategi eta Amaia Castañeda aktoreekin. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 10 euroan.
Bonus track: astean zehar plan berezi bat egin nahi izanez gero, ostegunean, Eihera kooperatibaren Eihera Plaza egitasmoaren barruan, Mer Gomezen Las hermafroditas del siglo XXI liburuaren aurkezpenera joatea da gure proposamena. Ametzagaña kaleko 25. zenbakiko lokalean, intersexualitateaz hitz egiteko eta horri buruz hausnartzeko aukera egongo da.