Anoeta: zementu hotzetik gotorleku berrira
Anoeta, Reale Seguros Stadium, Reale Arena... eta hurrengo denboraldian, zer gertatuko da? Izenak aldatu arren, txuri-urdinen espirituak berbera izaten jarraituko du.

Urte luzez, 1991tik hain zuzen, Anoeta futbol zelaia Realaren etxea izan da, baina, aldi berean, harresia ere bai taldearen eta zaleen artean. Atletismoko pistak distantzia fisikoa eta emozionala sortzen zuten, eta giro hotzagoa nagusitzen zen. Hala ere, berrikuntzarekin, Anoeta —ekainera arte Reale Arena izango dena— benetako gotorleku bilakatu da, non taldeak eta zaleek batasun handiagoa sentitzen duten. Estadio berrituak ez du soilik ikusle kopurua handitu, baita esperientzia eraldatu ere, txuri-urdinen etxea inoiz baino biziago bihurtuz.
Hainbat urtez, zaleek aldaketa eskatu zuten, eta 2017an, klubak asmo handiko proiektu bat abiatu zuen, 1970eko hamarkadan Atotxan jokatzen zenetik aipatzen zena: Anoeta eraldatu futbolaren bihotzera itzultzeko. Horrela, 2019an amaitutako obrekin, estadio berriak zaleak zelaian inoiz baino gertuago kokatu zituen, eta harmailek energia berria hartu zuten. Beste futbol zelai bat ematen zuen. Zeharo desberdina. Eserleku kopurua handitzeaz gain, azpiegiturak modernizatu eta esperientziak hobetu ziren. Horrez gain, Anoeta zaharrak 32.000 eserleku zituen, baina birmoldaketarekin 40.000 izatera heldu da. Hala ere, kopuru hori 42.247ra igo nahi dute, 5.000 pertsonako itxaron zerrenda dagoela ikusita.
Orain, Realak etxean jokatzen duen bakoitzean, zaleen oihuak askoz hurbilago entzuten dira, eta taldeak ere babesa nabaritzen du. Eraldaketa honek ez du soilik estadioa aldatu, baita klubaren historia eta zaleen kemena ere.
Ziurgabetasunaren txanda
Gaur egun, ziurgabetasunak inguratzen du zelaiaren izena. Hasieran, Anoeta izena zuen, eta jende gehienak oraindik ere horrela deitzen jarraitzen du. Ondoren, izen aldaketa iritsi zen: Reale Seguros Stadium izan zen egun gutxi batzuez, baina, berehala, Reale Arena bihurtu zen eta izen hori izan da azken urteotan ofiziala. Orain, ordea, hori ere desagertzera doa, eta etorkizunak zer ekarriko duen galdetzen diogu geure buruari: nola deituko diogu etorkizunean gure zelaiari? Jatorrizko izenera itzuliko gara, edo beste izen baten aurrean egongo gara?