'Arte en femenino' kultur programak emakume artisten lana ikusarazi eta aldarrikatuko du La Central-en
Maiatzera arte luzatuko den jarduera egitarauko lehena, Groseko arte galeran gaurtik ikusgai dagoen 'Hamarreko 10 emakume' erakusketa da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua eta Groseko La Central arte galeriak Arte en femenino kultur programa atondu dute. Horren barruan, hainbat jarduera, tailer eta solasaldi aurrera eramango dituzte, emakumeek sortutako artea ikusarazteko eta diziplina artistiko guztietan emakume artisten lekua aldarrikatzeko. Saio guztiak arte galerian gauzatuko dituzte, Kale Berria 5.
Lehen jarduera gaur ikusgai jarriko duten Hamarreko 10 emakume erakusketa da. Bertan, Gipuzkoako hamar emakume artista garaikideren lanak bildu dituzte, erakusteko arteak ez duela generorik, baina bai kontatzea merezi duten makina bat istorio eta konkistatu beharreko espazio. Bildumak Julia Otxoa, Ainize Txopitea, Susana Ferreira, Dorleta Diaz, Elena Arrese, Maria Castilla, Martxe Arana, Nora Pilarte, Adriana Ibargoien eta Nisa Goibururen lanak ditu eta katalogo bat osatu da haiekin. Herritarrek ekainaren 6a arte bisita dezakeke erakusketa, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era.
Horrez gain, zenbait tailer, hitzaldi, solasaldi eta film proiekzio ere egingo dituzte, guztiak emakumeek kultura arloan duten zeregina ardatz hartuta eta haiek protagonista izanda. Kulturan erreferente diren emakumeek emango dituzte, besteak beste, Lucia Lacarrak, Isabel Verdini, Montse Fornells edota Sahar Mirhoseini artista irandarra. Egitarau osoa hemen ikusgai.
Kultur programaren aurkezpenean, Kultura foru diputatu Goizane Alvarezek nabarmendu zuen artearen esparruan historikoki “emakumeen ahotsa isilarazi, alde batean baztertu edo bigarren maila batean utzi” dela, eta horregatik, aldundiak “funtsezkotzat jotzen” duela emakume sortzaileei leku bat eskaintzea, haien “talentua eta begirada bakarra” erdigunean jarriz. “Erakundeok, eta bereziki erakunde publikook, arrakala hori desagerrarazteko lan egin behar dugu, emakume artistei merezi duten espazioa eman behar diegu eta emakumea interpretazio prozesuetan zein arte sorkuntzakoetan sar dadin esku-hartu behar dugu”. Ildo beretik, La Centraleko zuzendari Lourdes Perez Patxok gogoratu zuen mendeetan emakumeek izan duten papera artelanen objektu edo musa izatea izan dela, “orain, aldiz, lehen planoan kokatzen da, sorkuntzan”. Hain zuzen ere, programaren protagonista emakume sortzailea da estilo, gai eta formatu desberdinekin, baina kalitate artistikoarekin.