Berdintasunaren aldeko konpromisoa eta borondatea berretsi du Donostiako Udalak
Martxoaren 8aren harira, udal talde guztiek aho batez onartu dute zortzi puntuko erakunde adierazpen bat.

Emakumeen Nazioarteko Eguna da bihar eta horri lotuta, udaleko talde guztiek aho batez onartutako adierazpen bateratua irakurri dute ordezkaritza duten alderdi guztietako kideek. Zortzi puntuko idatzia aurkeztu eta lehen puntua irakurtzeko ardura Eneko Goia alkateak izan du. Jarraian, Ane Oiarbidek, Olatz Yarzak, Juan Karlos Izagirre, Iñaki Gabarain, Vanessa Velez eta Arantza Gonzalez zinegotziek gainerakoen berri eman dute.
Gogoratu dute aurten, 30 urte betetzen direla Emakumeari buruzko IV. Meundu Konferentzian Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma onartu zenenetik. Adostutako akordioek genero berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide orria abian jarri zuten. Hiru hamarkadotan, aurrerapauso garrantzitsuak eman badira ere, “bilakaera desorekatua” izan da eta munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu genero berdintasuna erdiestea; hala eta guztiz ere, “nabarmen” aurrera egin du, “berdintasun politiken araudi eta erakunde garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan”.
Urteurren honetan “konpromisoak eta borondateak berritu” dute eta genero berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez. Hortaz, “tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko”, Donostiako Udalak honako konpromisoak hartu ditu:
- Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate Estandarren arabera.
- Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
- Tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
- Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.
- Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
- Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik.
- Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza- planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.
- Era berean, herritarrei dei egiten diegu, martxoaren 8ean, Emakumearen nazioarteko egunean, Donostian deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.