Donostia Ospitaleko langileek borrokan jarraitzen dute aparkalekuaren arazoen aurrean
Arazoa konpontzeko zuzendaritzak proposatutako neurriak gaitzetsi dituzte sindikatuek.

Donostiako ospitaleko langileek borrokan jarraitzen dute, Doako parkinga denontzat! lelopean. Dagoeneko laugarren elkarretaratzea egin dute ospitaleko Arantzazu eraikinaren sarrera nagusian. Langileek eta SATSE, LAB, ELA, CCOO, SAE, UGT eta TECNOS sindikatuek ez dute onartu zuzendaritzak azken bileran aurkeztutako proposamena, “aparkaleku arazoa konpontzeko” ez dela nahikoa adierazita. Zuzendaritzak adierazi duenez “datozen bi asteetan hainbat aparkaleku gune jarriko dira langileen eta pazienteen eskura”.
Illunbeko aparkalekuan 607 plaza jartzea aurreikusi dute, eta han aparkatzen duten langileen ospitalerako joan-etorriak autobus batekin egingo dituzte. Bestalde, 215 plaza jarriko dituzte pazienteentzat, ospitaleko aparkaleku zaharren ondoan egokitutako gune batean. Hala ere, sindikatuek salatu dute “neurri hauek ez direla nahikoak eta ez dituztela langileen beharrak asetzen”.
“Ez daude 607 plaza”
Sindikatuen arabera, Illunben “ez daude 607 plaza” langileentzat. Haien arabera, “280 plaza baino ez dira langileentzako izango”, gainerako guztiak disuasio aparkalekuan baitaude, herritar guztientzat irekiak eta ekitaldi egunetan erabiltzea debekatuta izango da.
Era berean, oraindik ez dago informaziorik “lotura autobusaren maiztasunari, ordutegiari edo autobus kopuruari buru”. Otsailaren 26n, zerbitzua martxan jartzeko “hamar eguneko epea” eman zuten, baina sindikatuek uste dute “ez dela beteko”. Gogoan eduki dute, hasieratik, “langileei garraio aukera eroso eta eraginkorra eskaintzeko eskatu dutela”, Illunbeko aparkalekua benetan erabilgarria izan dadin.
Pazienteentzako aparkaleku gehiago eta doakoak
Sindikatuek “pazienteentzako aparkaleku gehiago” eskatu dituzte. 215 plaza horiek “bikoizteko aukera” planteatu dute. Azpimarratu dute “Osakidetza lurzoru horren jabea dela, eta, horregatik, inbertsio hori egitea irtenbide eraginkorra izan litekeela”.
Horrez gain, salatu dute “aparkaleku berriak ordainpekoak izango direla”, eta horren aurka daudela. “Langileak eta pazienteak ospitalera ez gara aisialdirako etortzen, behar bat dugulako baizik. Horregatik, aparkalekuak doakoak izatea eskatzen dugu”, adierazi dute.
Langileen arteko desberdintasuna
Sindikatuen arabera, “ospitalean langile guztiek ez dute aukera berdina aparkatzeko, eta desberdintasun nabarmenak daude”. Kritikatu dutenez, “badira trataera berezia duten langileak, VIP aparkalekua dutenak, guardia lokalizaturik gabe eta ordutegi finkorekin plaza ziurtatua dutenak”. “Lotsagarria da langileen artean oraindik diskriminazio eta klasismo hori mantentzea”, nabarmendu dute.
Garraio publikoa indartzea
Beste neurri garrantzitsu bat garraio publikoa dela uste dute. Sindikatuek azpimarratu dute “ospitalera iristeko zerbitzu publiko sendoa behar dela”, bai langileentzat, bai pazienteentzat. Horretarako, zuzendaritzari eskatu diote “udalari eta diputazioari presioa egiteko, Lurraldebus eta Dbus zerbitzuak indartu ditzaten”.
Bilera, martxoaren 12an
Hurrengo bilera martxoaren 12an izango da, eta sindikatuek berriz eskatuko diote zuzendaritzari “egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten dien mugikortasun plan bat abian jartzea”. Langileek mobilizazioekin jarraitzen dute. Dagoeneko laugarren kontzentrazioa egin dute Donostiako ospitaleko Arantzazu eraikinaren sarrera nagusian.