Ez dago damutzeko astirik
Realak berdindu egin du Manchester Uniteden aurka Anoetan (1-1), Europa ligako final-zortzirenetako joanekoan.

Burua tente mantendu behar du Realak. Bart iluntzean, txuri-urdinek eta Manchester Unitedek ez zioten elkarri kosk egin, eta berdinketarekin bukatu zen partida (1-1). Talde bakoitzak bere arazoak izan zituen, dezente, eta, egia esateko, bietako edozeinek irabazi ahal izan zuen. Futbola aparteko mundua da eta berriz dago bigarren aukera onena emateko. Hori bai, endorfinak eta pultsazioak askoz altuagoak izango dituzte jokalariek.
Realak Old Trafforden irabazi beharko du, 2022ko azaroan egin zuen moduan (0-1) —Braisek penaltiz sarturiko golarekin—. Bestela, luzapena jokatu edo penaltietan gainditu beharko du, Europa ligako final-laurdenetan egon nahi badu. Jokalariek sinistu behar dute. Norgehiagokaren azken minutuetan, zale guztien bihotza gelditu egin zen une batez. Oskarssonek koroa jantzi ahal izan zukeen Beckerren erdiraketa bikain hori ezkerraz sartu izan balu, baina bere buruak eskuinaz hobeto zela pentsatu zuen eta ez zuen baloia atean sartzea lortu.
Imanol Alguacilen mutilak nekatuta iritsiko dira hurrengo asteko itzulerako partidara, hiru egunean behin partida bat jokatu behar izan baitute aste luzez. Nekea normala eta logikoa da. Atzo Realak ez zuen Manchester United estu hartu, eta lehen zati makala jokatu zuten. Bigarren zatia pixka bat hobeto hasi zuten, baina Zirkzeeren golak ohiko mamuak ekarri zituen bueltan.
Horrela ere, Alguacilen aldaketek beste freskotasun bat eman zioten taldeari, eta berdinketaren bila joan ziren. Baita lortu ere, Ivan Kruzliak epaileak penaltia adierazi zuelako 68. minutuan, VAR-aren abisuari kasu eginez. Bruno Fernandesek eskuarekin ukitu zuen area txikian, txuri-urdinen erdiraketa batean. Anoetak eztanda egin zuen, batez ere, Mikel Oiartzabal kapitainak gola egin eta berdinketa lortzean. Oiartzabal da Europa ligan gol gehien egin dituen txuri-urdina. Eibarkoak bederatzi gol daramatza, eta Darko Kovacevicen marka gainditu du —zortzi golekoa—. Dena dela, serbiarrak sei partidatan egin zituen gol horiek, eta kapitainak 32 partidatan.
Ramadana
Neurketako gauzarik esanguratsuena, berdinketara arte, Nayef Aguerd eta Noussair Mazraoui jokalariek jandako datilak eta edandako ura izan ziren. Biak ramadana egiten ari dira, eta jokoa hogeigarren minutuan gelditu zuen epaileak, bi musulmanek jan eta edan zezaten. UEFAk baimendu ohi duena da.
Europa ligako final-laurdenetara sailkatzeko partida erabakigarria, datorren asteko ostegunean jokatuko dute Realak eta Manchester Unitedek. Old Trafford zelaian izango da, hilaren 13an, 21:00etan.