Felix Iranzo, Altzako bizitzaren kronika egin zuen argazkilaria
Altza XX. mendearen bigarren erdialdean nolakoa zen erakusten duten argazkiak badaude, hein handi batean, Felix Iranzok egindako lan nekaezinari esker da. Manolo semea eta Altzako Historia Mintegia elkarlanean dabiltza, materiala gorde eta eskuragarri jartzeko.

Edonork dauka, gaur egun, argazki kamera bat edo kamera duen mugikor bat eta, beraz, etxeko, auzoko edo herriko argazkiak egin ditzake. Duela ez horrenbestera arte, ordea, argazkiak egitea ez zegoen edonoren esku. Horregatik, ez da erraza izaten Donostiako erdigunetik haragoko argazkiak aurkitzea, auzoak nolakoak ziren erakusten dutenak. Altzan, ordea, XX. mendearen bigarren erdialdeko argazki ugari ditu katalogatuta Altzako Historia Mintegiak Tokiko Bilduman, asko eta asko, Felix Iranzo argazkilariarenak (Requena, Herrialde Katalanak, 1912—Altza, 1991).
CNTren inguruko familia batean hazi eta hezi zen Felix Iranzo Valentzian, eta, noski, 36ko gerraren ondorengo urteetan, egoera ez zen erraza beraientzako han. Horrela, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen 1945ean. Hasieran, Pasaian aritu zen bizargin lanetan, eta Txipres baserrian bizi zen. Laster, ordea, bizitza osoan zehar mantenduko zuen lanpostua lortu zuen Luzuriaga enpresan, eta, 1947an, haren emazte Remedios Peris etorri zen, Felix, Isabel eta Jose Luis seme-alabekin. 1955aren bueltan, Molinaora joan ziren bizitzera —bertan jaio ziren Manolo eta Vicente semeak— eta, 1956an, eraiki berria zen Santa Barbara auzunera.
Bertan egin zuen bizitza. Hain zuzen ere, auzoan bizitzeaz gain, auzo bizitzan asko murgildu zen Iranzo: «Lehenengo auzo elkartearen sorreran aritu zen eta beti egon zen auzoaren aldeko edozein egitasmotan sartuta. Gerora, jubilatuen elkartearen sorreran ere parte hartu zuen eta, azken urteetan, gaixorik egonda ere, Gipuzkoako Ostomizatuen Elkartea sortu zuen», azaldu du mintegiko kide Antxon Alfarok.
«Auzoko argazkilaria»
Auzo bizitzan murgilduta egoteaz gain, auzo bizitza hori erretratatu zuen Iranzok: «Auzoko argazkilaria zen», nabarmendu du Alfarok. Hain zuzen ere, bere ogibidea ez zen argazkilaritza, baina «argazkilari profesionala» zela nabarmendu dute Manolo Iranzo semeak eta Alfarok. Izan ere, estudio propioa zuen etxean, eta argazkiak saltzeko postu batzuk ere bazituen: «Auzoko jende askok etxean aurkitu dituen argazkiak eman dizkigu, eta askok Felixen zigilua dute, berari erosiak baitira. Beste batzuk kopiak dira eta ez dute zigilurik, baina kalitatearengatik dakigu Felixenak direla», kontatu du Alfarok.
Semeak dioenez, «beti eramaten zuen kamera gainean, eta han eta hemen ibiltzen zen argazkiak egiten. Horrela harrapatzen zuen auzoaren bizitza». Hain zuzen ere, ekitaldi historikoetatik harago zihoan «begirada berezia» zuen argazkilariak, eta, horrela, Altzako 1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako kronika egin zuen bere argazkiekin.

Iranzoren argazki adierazgarrienetako bat, garai baten isla. Postari bat ageri da Santa Barbaran, 1960ko hamarkadaren bueltan, lokatzez beterik egoten ziren kaleetan.Felix Iranzo/Altzako Historia Mintegia
«Lehenengo begiradan baliorik ez duen argazki bat ikusi dezakezu, adibidez, Santa Barbaran kamioi bat ikusten den argazki bat. Baina argazki horretan, kamioiaz gain, ikusten duzu nolakoa zen inguru osoa garai hartan, zer denda zeuden, jendea nola janzten zen, eta abar. Garaiaren isla dira, eta horren erakusgarri da, esaterako, postariarena, lokaztutako kale adierazgarri horiekin», nabarmendu du Alfarok. Horrez gain, auzoko jaien, kirol proben eta bestelakoen argazkiak ere egiten zituen. Zentzu horretan, auzoko argazki ugari egin zituzten bi argazkilari ere aipatu nahi izan ditu Alfarok: Tomas Paulis Herreran eta Javier Gallego.
Asko galdu da
Lan handia eginda, Iranzoren argazki funtsa nabarmen handitu eta eskuragarri jarri berri dute mintegian, Manolo semearekin elkarlanean. Ordea, deitoratu dute material asko «galdu» egin dela urteekin. Era berean, salatu dute badagoela Altzako Tokiko Bilduman eskuragarri dauden argazkiak «gaizki» erabiltzen dituen jendea, eta argazkiak hartzen dituen orori eskaera argia egin diote: «Iturria aipatu, behintzat».
Funtsa handitzen jarraitze aldera, altzatarrak animatu dituzte etxean dituzten argazkiak begiratzera, izan ere, Iranzoren material asko egon daiteke oraindik auzotarren etxeetan. Era berean, familiatik etorriko da oraindik material gehiago: «Zortzi milimetroko kamera batekin grabazioak egiten ere aritu zen garai batean, eta material horren kaxa aurkitu dut!», dio semeak.
Iranzoren lan horri guztiari esker, «irakurri, interpretatu eta ezagutu daiteke duela 50 urteko errealitatea, baita hurrengo belaunaldiei transmititu ere», nabarmendu du Alfarok. Izan ere, etorkizuna eraikitzeko, ezinbestekoa da iragana ondo ezagutzea.