Isuri Gutxiko Eremura egokitzeko epea martxoaren 14an bukatuko da

Donostiako Isuri Gutxiko Eremua erabat ezarrita geratuko da datorren asteko ostiralean, martxoaren 14an. Une horretan, udal ordenantza betetzen ez duten ibilgailuei dagozkien isunak aplikatuko zaizkie. Hala, IGEa bere lehen fasean bete-betean sartuta egongo da, hiru hilabeteko egokitzapen epe baten ondoren. Epe horretan, herritarrek aukera izan dute arau berriari buruzko zalantzak argitzeko eta beharrezko izapideak egiteko, hala eskatzen duten kasuetan.
Urtarrilean informazio kanpaina bat hasi zen, eta horren bidez, martxoaren 1ean, guztira 7.685 jakinarazpen bidali zaizkie gunera baimenik gabe sartu diren ibilgailuei, bai baimena jasotzeko baldintzak ez betetzeagatik, bai dagokion eskaerarekin egoera erregulatu ez izanagatik. Jakinarazpen horiek DGTren ibilgailuen erroldan erregistratutako helbideetara bidali dira.
Jakinarazpen honen helburua da araudia bete ez duten pertsonei gogoraraztea, sartzeko arrazoia salbuetsitako kasuetan egonez gero, haien egoera erregulatu dezaketela, dagokion baimena tramitatuz, bai www.donostia.eus/ige webgunean, bai Arroka plazako IGEaren informazio bulegoetan.
Datorren ostiraletik aurrera, beren egoera erregulatu ez duten ibilgailuek (dagokion baimena izapidetu ez dutelako, edo baimendutako kasuen artean ez daudelako) 200 euroko isuna jasoko dute Isuri Gutxiko Eremura sartzean, eta kopuru hori %30 igo daiteke berreroriz gero (arau hauste bat baino gehiago urtebetean).
Izapidetutako eskaerak
Isuri Gutxiko Eremua indarrean jarri zenetik martxoaren 1era arte 22.764 baimen eskaera erregistratu dira guztira. Horietatik, 984 ibilgailu estatukoak dira, eta 21.780, berriz, atzerritarrenak. Azpimarratu behar da eskaeren %95,7 atzerriko ibilgailuetatik datozela, bertara sartzen diren atzerriko matrikuladun ibilgailu guztiek sarbidea izapidetu behar dutelako.
DGTn erregistratutako matrikula duten ibilgailuek izapidetutako 984 eskaeretatik, %14 ez ziren beharrezkoak, baimena zutelako, ingurumen-bereizgarria zutelako edo lehen fase honetan zuzenean baimendutakoen artean jatorriz sartuta zeuden ibilgailuak zirelako (egoiliarrak, etab.).
Baimena izapidetu behar zuten ingurumen etiketarik gabeko ibilgailuen gainerako %86ren artean, arrazoi ohikoenak honako hauek dira: zerbitzu errepikariak ematea (%30), mugikortasun mugatuko Europako txartela duten pertsonak eramatea (%31) edo garajea jabetzan edo emakida erregimenean edukitzea (%12).
Datu horiek partikularrek eta enpresa txikiek egindako eskaerei buruzkoak dira; bost ibilgailu baino gehiagoko flotak dituzten erakundeek egindako eskaeren administrazio kudeaketak beste prozedura bat jarraitzen du.
IGEra sarrerak
Aldi horretan Isuri Gutxiko Eremura sartu diren ibilgailuen artean, %12 atzerritarrak edo DGTren erregistroan identifikaziorik gabekoak izan ziren. Sartu ziren ibilgailuen % 84k ingurumen etiketaren bat zuten eta, beraz, zuzeneko baimena. Ohikoena C etiketa izan da (%48,4), ondoren B etiketa (%20), ECO etiketa (%12) eta ZERO etiketa (%3,6).
Zalantza ohikoenak
2024ko azaroaren erdialdean IGEaren arreta guneak martxan jarri zirenetik martxoaren 1era arte, 5.429 kontsultari erantzun zaie, aurrez aurre zein telefonoz. Zalantzarik ohikoenak inguru horretan bizi diren pertsonen ibilgailuei (%13) eta atzerriko matrikula duten ibilgailuei (%12) buruzkoak izan dira.
Lehen fasearen behin betiko ezarpena
Martxoaren 14tik 2028ra arte, ingurumen-etiketarik ez duten ibilgailuak ezin izango dira Isuri Gutxiko Eremura sartu, salbu eta baimen zuzena duten salbuespenezko kasuetan eta baimen puntuala, aldi baterakoa edo iraunkorra eska dezaketen beste kasu batzuetan. 2028tik aurrera, bigarren fasean, ingurumen etiketa edo B etiketa duten ibilgailuak ezin izango dira IGEra sartu, salbuespenezko kasuetan izan ezik.