Txomiñenean etxebizitza bat egokitu dute desgaitasunen bat duten pertsonen bizimodu independentea sustatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak baliabide berri bat jarri du abian: etxebizitza bat Txomiñenean, desgaitasuna duten pertsonentzako bizitza independentearen eredua esperimentatzeko. Ireki zenetik, etxebizitzak hiru erabiltzaile hartu ditu, eta, laster, laugarren pertsonaren esperientzia hasiko da.
Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak instalazioak bisitatu dituzte aste honetan, eta aukera izan dute Elkartu entitateko kideekin, etxebizitzaren erabiltzaileetako batekin eta bertaratutakoekin biltzeko. Guztiak lanean aritu dira bederatzi hilabeteko proba pilotuan.
“Bizitza independentea esperimentatzeko etxebizitza” proiektua aurrerapausoa izan da Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioak ezarritako bidean. Eredu honek pertsona horien bizimodu independentea bultzatu nahi du Gipuzkoan, aukera berdintasunaren eta pertsona guztien inklusioaren aldeko apustua egiten duen lurralde baten esparruan.
Aldundiak finantzatutako etxebizitzak 112.901 euroko aurrekontua izan du guztiz irisgarria izateko behar diren laguntzak eta domotika instalatzeko. Gainera, departamentuak hitzarmen bat dauka etxebizitza kudeatzeaz arduratzen den Elkartu entitatearekin, urtean 38.883,45 eurokoa.
Integratua, irisgarria eta baliabidez hornitua
Etxebizitza irisgarria da, eta autonomia pertsonala bermatzeko beharrezkoak diren baliabide teknologikoak eta laguntza produktuak ditu. Horrela, erabiltzaileek aukera dute, aldi batean, bizimodu independentearen eredua esperimentatzeko, behar den laguntzarekin, bereziki laguntza pertsonalarekin, bai eta etorkizunean bizitza independenteko behin betiko proiektu baten bideragarritasuna bermatzeko behar diren aholkularitza eta esku-hartze sozialarekin ere.
Etxebizitzaren diseinu arkitektonikoa, laguntza produktuen eta teknologiaren hornidurarekin batera, erabiltzaile guztiei irtenbide integral bat eskaintzeko pentsatu da, eta, gainera, pertsona bakoitzaren premia indibidualetara egokitzeko doikuntzak egiteko aukera eman du. Horrela, pertsona bakoitzak behar dituen laguntza teknikoak ezartzen dira, etxebizitza bere eskakizun espezifikoetara egokitzen dela bermatuz. Etxebizitzan bizi diren bitartean, erabiltzaileek beren ohiko bizimoduarekin jarraitzen dute, hala nola ikasketekin edo lan jarduerekin, eta familia eta gizarte laguntzako sareari eusten diote. Alde bakarra da, egoitza batean edo familiaren etxean bizi beharrean, modu independentean bizi direla, laguntzaile pertsonal batekin.
Horrela, bizimodu independentea izan dezakete, eta eguneroko zereginez arduratzen dira, hala nola garbiketaz, arropa garbitzeaz eta janaria prestatzeaz, edozein etxetan gertatzen den bezala. Helburua da ebaluatzea nola garatzen den bizimodu independentea eta horrek dakartzan alderdi guztiak.
Erabiltzaileen profila
Proiektuak bi hilabeteko hasierako epea du gaitasunak baloratzeko, premiak identifikatzeko eta behar diren baliabideak aktibatzeko (LPPE, bizitza independenterako laguntzak, laguntza teknikoak eta abar). Pertsona etxebizitzan instalatzen denean, egonaldia lau hilabetekoa da, eta, ondoren, sei hilabeteko jarraipena eta aholkularitza egiten da. Aldundiak eta Elkartuk uste dute epe horiek aukera ematen dutela bizimodu independentearen eredua eraginkortasunez ebaluatzeko. Departamentuak eta Elkartuk batera aztertzen dituzte erabiltzaileen profilak, eta ez da ordainketarik aplikatzen.