Infernuko eremuan 135 etxebizitza libreko promozioa abiatu du Amenabar enpresak
Ibaeta Berri izena jarri diote promozioari, eta etxebizitza bakoitzaren hasierako prezioa 450.000 eurokoa da.

540 etxebizitza eraikiko dituzte Ibaetako Zubiberri auzune berrian. Hau da, zutik dauden eraikin guztiak eraistean eta lursaileko amiantoa kentzean, Infernua izenez ezaguna den eremua desagertuko da. Aipaturiko etxebizitza berrietatik erdiak, babes publikokoak izango dira —135 babes ofizialekoak eta 135 tasatuak—, eta beste erdiak libreak.
Hain zuzen ere, etxebizitza libre horietako 135 etxebizitza saltzeko promozioa abiatu du Amenabar higiezinen enpresak. Ibaeta Berri izena jarri dio 38.000 metro koadroko urbanizazioari, eta etxebizitzen hasierako prezioa 450.000 eurokoa da (BEZa barne). Errotaburutik gertuen dagoen eremuan eraikiko dute eraikin esklusiboa. Informazio guztia gaztelania hutsean dagoen webgune batean kontsultatu daiteke.
Pasa den astean, Eneko Goia alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak oraindik baden Infernua eremua bisitatu zuten, eta datorrenaren xehetasun batzuk eman zituzten. Esaterako, Zubiberri auzune berriko lehen etxebizitza libreak 2027rako prest egongo direla.