50.000 abonatuen langa gainditu du Kirol Txartelak
Donostia Kirolak 2024. urteko memoria aurkeztu du, erakundeak antolatutako kirol eskaintza eta azpiegituren erabilerak gora egin zuen iaz.

Donostia Kirolak 2024. urtearen memoria aurkeztu du. Kirol eta Bizitza Osasungarri zinegotzi Iñaki Gabarainek nabarmendu du erakundeak antolatutako ikastaro eta kirol jarduera guztietan parte hartze gero eta handiagoa dela, baita askotariko diziplinetako emakumezko eta gizonezko hiriko klubek duten maila ere. “Oso pozik gaude 2024ko balantzarekin, Donostian kirola hazi eta egonkortu da, osasun, ongizate eta gizarte kohesiorako duen papera indartuz”, adierazi du.
Datu esanguratsuenen artean, Kirol Txartelak lehenengoz 50.000 abonatu baino gehiago izan zituen, 57.000 abonu beste erakunde batzuek kudeatutako udal instalazioenak gehituta. Erakundeak antolatutako ikastaro eta jardueren parte hartzeak goranzko joerari eutsi dio, eta iaz, 38.500 izen emate erregistratu zituzten, ohiko eskaintzaren igoera hazi egin zelako eta kirol programa berriak barneratu zituztelako. Halaber, kirol azpiegituren 3.740.000 erabilera izan ziren. Hortaz, %7 hazi zen 2023arekin alderatuta eta %143, 2021arekin alderatuta. Bereziki, gazteen eta 65 urtetik gorakoen artean ugaritu da.
Lehiaketa kirolari dagokionean, matrikulatutako ikasleen %70k eskola kirolean parte hartzen jarraitzen du eta kirol lizentzien kopurua 12.000 pertsona ingurukoa da. Aipagarria da, emakumeen lizentziak %35 direla, nahiz eta generoen artean alde nabarmenak dauden diziplina jakin batzuetan.
Hirian antolatzen diren kirol proba herrikoiek ere gero eta parte hartzaile gehiago dute. Iaz, 76.000 pertsonak izan ziren, batez ere, herri lasterketetan. Proba horietan emakumeen parte hartzeak gora egiten jarraitzen du.
Donostia Kirolaren barne kudeaketari dagokionez, datuek %50eko autofinantzaketa funtzionala islatzen dute, 9 milioi eurotik gorako diru sarrerekin. Gainera, azken lau urteetan, kiroldegietako CO2 emisioak % 30 murriztea lortu da. Zerbitzuen eta izapideen digitalizazioa % 72ra iritsi da, herritarrei sarbidea erraztuz. Komunikazioari dagokionez, webgunearen eta sare sozialen eragina nabarmena izan da: 3.700.000 orrialde ikusi dira eta 750.000 laguneko irismena izan du sare sozialetan.