Adarraga Saria jaso du Marta Funesek
Ibilbide oparoan, eskola kirolaren sustapenean eta kirolaren bidez berdintasuna eta gizarteratzea bultzatzeko egindako lana aitortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Carmen Adarraga saria jaso zuen atzo Marta Funesek (Huesca, 1936), eskola kirolaren sustapenean eta kirolaren bidez berdintasuna eta gizarteratzea bultzatzeko egindako “lan nekaezinagatik”. Donostiako Kirol Etxean atzo arratsaldean egindako ekitaldian, Kirol diputatu Goizane Alvarezek eman zion garaikurra Funesi.
Ibilbide oparoa izan du Funesek. Huescan jaioa, saskibaloi jokalaria izan zen Huescako emakumezkoen atalean. Donostiara etortzean, Morlans ikastetxean irakasle aritu zen, eta bertan, eskola kirola sustatu zuen baliabide mugatuak zituzten eta ingurune desegituratuetatik zetozen ikasleen artean. 1980 eta 1990 hamarkadetan, ikasleek futbol taldeetan parte hartzea bultzatu zuen, emakumezko saskibaloi taldeak antolatu zituen eta irakaskuntza uztatu zuen Donostia saskibaloi taldeko ordezkaritzarekin. Horrez gain, besteak beste, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren zuzendaritza batzorde osatu zuen Mikel Lekazor buru zuela, eta eskola kiroleko partidak antolatzeaz arduratu zen.
Erretiroa hartu ondoren, Jatorra Klubarekin bat egin zuen eta hainbat jarduera antolatu zituzten adinekoek ariketa fisikoa egiteko helburuarekin. 2004an, belaunaldien arteko programa bat garatu zuen Donostiako San Jose Ikastetxearekin, ikasle etorkinak kirolaren bidez gizarteratzeko. Proiektu horrek Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte-zerbitzuen saria jaso zuen.
2016an Carmen Adarraga saria sortu zenetik, aintzatetsitako hamargarren emakumea da Funes. Haren aurretik: Coro Fuentes, Mari Aiestaran, raketistak, Nieves Alza, Arantza del Puerto, Carmen Diez Mintegi, Azu Muguruza, Garbiñe Etxeberria eta Tati Garmendia aintzatetsi dituzte.