Bigarren eskuko azoka egingo dute larunbatean Tabakaleran
Donostiatruk azokako postuetan erosteko aukera izango da, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Bigarren eskuko Donostiatruk azoka egingo dute larunbatean Tabakalerako barruko plazan, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Udaleko Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak antolatuta, azokak etxeko artikuluei beste erabilera bat ematea du helburu, hondakin bihurtu aurretik. Hala, arropa, liburuak, jostailuak eta abar merkeago lortzeko aukera ematen du.
Azokan ingurumenari buruzko sentsibilizazio eta kontzientziazio jarduerak egingo dira, eta erosketaren bat egiten duten pertsonen artean bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozketatuko da Antiguako Orburu jatetxe begetarianoan.
Salmenta postua jarri nahi dutenek izen eman beharko dute udalaren webgunearen bidez, azoka aurreko asteko larunbata baino lehen. Ondoren, zozketa egiten dute.
Donostiatrukek sarean bertsioa du, norbanakoen artean bigarren eskuko objektuen erosketa eta salmenta errazteko. Beraz, nahi duenak hemen zintzilikatu dezake bere iragarkia, objektuak saltzeko. Bestalde, jendeak behar ez dituen objektuak musutruk emateko web orri hau erabil daiteke: Nolotiro.org. Bestela, horiek bildu eta berrerabiliko dituen elkarte bati emateko aukera dago, Emaus eta Caritas elkarteei, besteak beste.