Correoseko langileek «kalitatezko zerbitzu publikoa» eskatu dute

Correosen eta langile guztien “etorkizuna defendatzeko”, LAB, ESK eta ELA sindikatuek protesta egin dute gaur goizean, Donostiako egoitza nagusiaren aurrean. Arratsaldean protesta gehiago egingo dituzte, Donostian ez ezik, baita Bilbon, Gasteizen eta Iruñean ere.
Correoseko langileen lan baldintzak “okerrera” egin dezaketela ohartarazi dute sindikatuek: “Enpresak eta CCOO, UGT, CSIF eta SL sindikatuek milaka lanpostu suntsitzea ekar dezakeen akordio bat sinatu dute. Izan ere, langileen gastuak %85etik %70era igaro daitezke bi urtetan, ordainsari erregimena jardueraren neurketa indibidualekin lotu daiteke, lanaldiko orduen %10 aurreikusitako kargaren arabera aldatuko den lan egutegia ezarri daiteke, eta sakondu langileen mugikortasun funtzionalean, geografikoan eta zentroen artekoan”.
Aipaturiko akordioak lanaren kalitatean “eragin zuzena” izango duela nabarmendu dute, “baita enpresa publikoak egin beharko lukeen komunitatearen aldeko kalitatezko zerbitzu publikoan ere”. Soldata, lanaldia, kontziliazioa eta lan osasuna hobetzeko, “etorkizuneko IV. hitzarmen kolektiboa eta akordioa langileen eskubideak kontuan hartuta” arautzea eskatu dute sindikatuek. “Correosen kalitatezko zerbitzu publikoaren aldeko apustua eginez, besteak beste, soldatak KPIrekin lotzeko klausula, asteko 35 orduak ezartzea, egiturazko lanpostu guztiak benetan betetzea eta galdutako milaka lanpostu berreskuratzea nahi dugu, Madrildik inposatu nahi digutenaren guztiz kontrakoa”, nabarmendu dute.