EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurka egingo du Uliako Auzo Elkarteak
Epaitegiak otsaila amaieran baztertu zuen 2023ko Donostiako Udalaren Plan Bereziaren aurka jarritako demanda.

Uliako Auzo Elkarteak astearte arratsaldean egindako bileran adostu du Manteoko Basque Culinary Centerren GOe (Gastronomy Open Ecosystem) eraikinari buruz Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak otsaila amaieran hartutako erabakiaren aurka egitea. Epaitegiak baztertu egin zuen 2023ko martxoaren 30ean Donostiako Udalaren Plan Bereziaren aurka jarritako demanda.
Bizilagun elkaretak ohar batean adierazi duenez, “ezin dugu onartu BCC moduko erakunde batek bigarren egoitza bat eraikitzea inguruan dagoen zuhaitz parke bakarra suntsituz, diru publikoarekin finantzatuta”. Hortaz, berretsi dute ahalegin guztiak egingo dituztela “bidegabekeria” hori gelditzeko.
Halaber, gogoratu dute 27 kideko udal korporazioko hamahiru zinegotzik eta alkateak babesten dutela eta herri galdeketa aurrera eramateari uko egin diotela “guztion onuraren aurka ari direla jakinda”.