Metroaren lanen jarraipen batzordea «urgentziaz» elkartzea eskatu du EH Bilduk
Mirakontxa eta Easo arteko metroaren pasabide eraikitzeko gainkostuaren berri ematea nahi du koalizio abertzaleak.

Satorralaia plataformak otsaila amaieran ezagutarazi zituen Donostiako Metroaren lanen kostuen gaineko zenbait datu. Besteak beste, Mirakontxa-Easo zatiko lanek %162ko gainkostua izan dutela. Hori argitu asmoz, EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean, “horren berri emateko obligazioa duten erakunde publikoek beren borondatez informaziorik eman asmo ez dutela frogatuta”. Mugikortasun Iraunkorrerako sailburu Susana Garcia Chuecak erantzun bitartean, koalizio abertzaleak ezagutarazi du ohar baten bidez beste ekimenak martxan jarri dituela hirian, “badirelako azalpenak eman behar dituzten beste erakundeak, Donostiako Udala, kasu”.
Hala, azken albisteekin kezkatuta, “formalki” eskatu dute metroaren lanei jarraipena egiten dien batzordea “urgentziazko” bilera batera dei dezala Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzak eta eman dezala aipatu albistearen berri. “Kontuan hartuz, gainera, araudiaren arabera, Donostian Euskotrenek dituen obren jarraipena egiteko batzordea bi hilabetean behin bildu beharko litzakeela. “Azkena, ordea, 2024ko azaroaren 6an izan zen”.
Satorralaiak azaldu zuenez, aipatu tarteko lanak 2017ko abenduaren 18an esleitu ziren 53 milioi eurotan, baina egungo aurrekontua 140 milioikoa da. Hala dio, joan den urtarrilaren 21ean Eusko Jaurlaritzak metroaren pasabidea eraikitzeko gastuei buruzko informazio-eskaerari erantzunez jasotako txostenak. Aurrekontu osoari dagokionez, berriz, Satorralaiaren arabera, «egungo 232 milioi euroei BEZari dagokion % 21 gehituta, kostua 280 milioikoa dela, 2016an onartutako proiektuaren informazio azterlanean jasotako gastua 172 milioikoa zen bitarten, BEZ barne».