Oraindik amets egin daiteke
Realak irabazi egin behar du gaur Manchester Uniteden aurka Old Trafforden (21:00), Europa ligako final-laurdenetara beste espiritu batekin igarotzeko.

Iritsi da eguna eta ez da edonolako bat. Realak Manchester Uniteden aurka jokatuko du gaur gauean Old Trafforden (21:00), final-zortzirenetako itzulerako partidan. Egunero ezin zaio aurre egin Ingalaterrako talde handi bati, eta Imanol Alguacilen taldea prest dago. Ametsen antzokian jokatzea ez da nolanahikoa, baina Realak oso ondo ezagutzen du. Donostiarrak ez dira ia inoiz Manchester Uniteden aurkako norgehiagoka irabazten atera. Zazpi partidatan, talde txuri-urdinak bakar batean lortu du ingelesak gainditzea. 2022an izan zen, Europa ligan, eta Brais Mendezek penalti bidez egindako golarekin. Beste seietan berdindu edo galdu egin du, baina argi dago datuak ez direla onak Realarentzat.
Final-zortzirenetara iritsi badira, horrelako gauak oparitzeko da. Egia da talde txuri-urdinak ez duela une onena bizi. Alegia, erasoan argitasun falta dago, hankak nekatuta daude eta sumatzen da… Baina, oraindik, espiritua bizirik dago eta hori da talde hau handi egiten duena. Nekea eta zalantzak gorabehera, Manchesterrera bidaiatu duten 1.500 zaleek borrokalari eta ausart izango den taldea espero dute. Jarrera sendoa eta areatan asmatzea izango dira ametsa gauzatzeko gakoak.
Hamari Traore eta Arsen Zhakaryan
Atzo gauean, Realak Old Trafforden egin zuen azken entrenamendua Manchester Uniteden aurka jokatu baino lehen. Oriotarrak ezin izan zituen funtsezko bi piezak eskura izan: Hamari Traore eta Arsen Zakharyan. Ezin izan zuten gainerako kideekin bidaiatu, bisarekin arazoak zituztelako eta haien parte hartzea, momentuz, airean dago. Maliko eta Errusiako jokalariak Parisera joan behar izan zuten atzo, Ingalaterrara bidaiatzeko oniritzia jasotzeko zain.
Alguacilek, bere aldetik, “itxaropentsu” agertu zen atzoko prentsaurrekoan, bi futbolariak Realaren denboraldian hil ala biziko partida bat jokatzeko garaiz iritsiko zirelakoan. Ariko ez dena Luka Sucic da, min hartuta Donostian geratu delako. Ezta Jon Pacheco ere, pubiseko arazoak dituelako. Aldiz, Jon Mikel Aramburuk eta Alvaro Odriozolak gainditu dituzte euren minak. Hamaikakoari dagokionez, joanekoan aritu zenaren oso antzekoa izango dela espero da. Manchester Unitedeko entrenatzaile Ruben Amoremek Manuel Ugarte erdilaria berreskuratu du, eta joan den asteko hamaikakoaren parekoa zelairatuko duela aurreikusten da.