5.000 parte hartzaile izan ditu Dantz Network Congressek
Antolatzaileen esanetan, aurreikuspen guztiak gainditu ditu lau eguneko biltzarrak.

Asteartetik larunbatera aurrera eraman duten Dantz Network Congressek 5.000 parte hartzaile bildu ditu bere jardueretan. Biltzarrak bertako eta nazioarteko ehun gonbidatu ekarri ditu, hala nola, sektoreko aditu nagusiak eta musika industriako, teknologia aplikatuko eta sorkuntza soinuaren aditu entzutetsuak. Ondorioz, musika industriako profesionalen, esportazio bulegoen eta artista berrien eta finkatuen arteko harremanerako “plataforma garrantzitsua” izan da.
Egitasmoaren helburuak, eszena sendo bat eraikitzearekin batera, musika elektronikoari ikusgarritasuna ematea, eskuragarri egitea eta gizarte osoarentzat garrantzitsu bihurtzea ziren. Bertan ondorioztatu dutenez, besteak beste, musika elektronikoa kultur eta ekonomia sektore gisa sendotzeko, “publiko berrietara iritsi, beste diziplinekin konektatu eta espazio berriak konkistatu” behar ditu.
Dantz-en sortzaile Jokin Telleriaren esanetan: “Kongresu honek espero genuen guztia gainditu du eta gure herrialdean musika elektronikoa ulertzeko moduan inflexio puntu bat markatu du. Elkargune, ikaskuntza eta ospakizun espazio bat sortu dugu, eta etorkizun oparoa duela argi dago. Donostia eta Euskadi musika elektronikoaren nazioarteko mapan daude orain, eta hau hasiera besterik ez da”.
Hala, etorkizuneko biltzarretarako “oinarri sendoak” ezarri dituztela uste du eta Donostia musika elektronikoaren eta abangoardiaren “munduko gune nagusietako bat” bihurtu dela. Arduradunen esanetan, lau eguneko biltzarrak tokiko kontsumoan eta enpleguan eragina izan du, 186 lanpostu sortuz eta “hiria musika elektronikorako helmuga garrantzitsu gisa sendotuz”.