Greba mugagabea abiatuko dute EiTBren Miramongo estudioetako makilatzaileek eta ile apaintzaileek

EITBren Miramongo makilatzaile eta ile apaintzaileen enplegua “kolokan” dagoela ohartarazi du ELA sindikatuak: “Zerbitzua azpikontratatzean EITBk ez du subrogazio betebeharra txertatu, eta Imagenmania enpresak ez du bermatuko”. Hori dela eta, langile horiek greba mugagabea hasiko dute hilaren 25ean, “subrogazio eskubidearen eta lan baldintzak hobetzearen alde”.
Apirilaren 14tik aurrera, aipaturiko Imagenmania enpresak eskainiko du makilatzaile eta ile apaintzaile zerbitzua. “Zerbitzuan sartzeko hilabete eskas falta denean, EITBk pleguetan subrogazio betebeharra txertatu ez zuela argudiatuz, enpresa berriak ez du langileak subrogatzeko borondaterik azaldu, eta ondorioz, berauen lanpostuak kolokan daude”, salatu du ELAk.
“EITBk zerbitzua esleitzeko prozesua martxan jarri eta baldintza agiriak prestatzerakoan ez zuen subrogatzeko beharra aipatu. Harrigarria, alde batetik, egoera berean dauden eta lan zentro berean aritzen diren beste azpikontrata batzuekiko eskubide hau bermatzeko prest dagoenean. Akats larria, bestetik, langile talde honi aplikagarria zaion EAE mailako akordio markoak subrogazio eskubidea espresuki jasotzen baitu”, azaldu dute.
Konponbidea eskatzerako bidean ELAk bilerak egin ditu enpresa berriarekin, zerbitzua utziko duen enpresarekin eta EITBrekin, “eta ez dute langileen subrogazioa bermatzen duen proposamenik egin”. Sindikatuaren iritziz, hitzarmenak ezartzen duen derrigorrezkotasuna urratzeaz gain, gatazka saihesteko “borondate falta argia” erakutsi dute: “Administrazio publikoan egonkortze prozesuak ematen ari diren bitartean, enplegu publikoa prekaritzatzeko sortutako azpikontratak are egoera prekarioagoan uzten ditu EITBk hartutako erabaki honek”.