Kaiko bizilagunak «harrituta eta haserre» atera dira euren etxebizitzen gaia jorratu duen udal batzordetik

Kaiko 7. eta 8. atarietako bizilagunek hogei urte daramatzate erakundeek euren “infraetxeei” irtenbide bat emateko zain, ostiralean udaletxean egin zuten agerraldian azaldu zutenez. EH Bilduk gaiaren inguruan udal gobernua interpelatu du astelehen honetako udal batzordeetan, eta bizilagunek prentsa ohar batean nabarmendu dute “haserre eta harrituta” daudela Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak emandako erantzunaren aurrean.
Bizilagunek salatu dute “ziurgabetasun egoera batean” daudela, “udalaren aldetik erantzun argirik edo ekintza zehatzik jaso gabe”: “Batzorde honetako lekuko eta parte hartzaile izan garen arren, zinegotziak galdera moduan erantzutea aukeratu du, irtenbideak eman beharrean”, gaineratu dute. Era berean, gogorarazi dute Parte Zaharreko eta kaiko Plan Berezia onartzeko zain daudela bizilagunak, hori beharrezkoa baita euren etxeen egoera txarrari irtenbide bat eman ahal izateko.
“Batzordean egon gara, baina oraindik ere ez dugu erantzunik jaso. Adibidez, honako galdera egin zaio, baina argitu gabe utzi du: zer nolako behin-behineko neurriak aurreikusten dituzue aipatutako bizitegi eraikinetan bizi diren pertsonen egoeraren inguruan? Egokitzat jotzen al duzue egoera bera luzatzea?”, gehitu dute bizilagunek. Nabarmendu dute, halaber, auzokideek “konponbide bidezkoa eta premiazkoa eskatzen” jarraituko dutela.
Hogei urte zain
Duela hogei urte hasi zen “amesgaiztoa”, bizilagunek ostiralean azaldu zutenez. Eibar Taldea bizilagunekin harremanetan jarri zen orduan bizilagunekin, 7. atarian hutsik zeuden etxebizitzen inguruko informazioa eskuratzeko. Horrela, prozesu baten ondoren, Eibar Taldeak proiektu bat jarri zuen mahai gainean: bi atariekin eraikin bakarra egitea, hamasei etxebizitzakoa eta irisgarritasun egokia izango zuena eta egungo bizilagunak bertan bizitzeko aukera izango zutena.
Odon Elorzaren udal gobernuarekin hasi zen proiektu hori (1991-2011), Juan Karlos Izagirrerenarekin jarraitu zuen (2011-2015) eta Eneko Goiarenarekin 2015etik hona. 2018an, funtsezko aldaketa bat gertatu zen, bizilagunek gogorarazi zutenez: “Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailaren bidez, lege berri bat onartu zuen, Parte Zaharrean eta kaian edozein hirigintza interbentzio baldintzatzeko”. “Hori gutxi balitz, 2018an, udalak katastroan bajan eman zituen gure etxeak. Hau da, ez gara existitzen”, gaineratu zuten.
Eremu osoa Monumentu Multzo izendatzeko legea zen hori eta, lege horrek bidez, babes berezia dute Parte Zaharreko eta kaiko elementu historiko, urbanistiko eta arkitektonikoek. Ordutik, Parte Zaharreko eta kaiko Plan Berezia onartu behar da, oraindik tramitazioan dagoena, kaiko etxebizitzei irtenbide bat emango dien proiektuaren lizentziak onartu ahal izateko. Izan ere, plan berezi horrek zehaztuko ditu Monumentu Multzoan esku hartzeak egin ahal izateko irizpideak eta baldintzak.