Tentazioa konpainiak 'Interview: Urez eta hondarrez' ikuskizuna estreinatuko du Giza Eskubideen Zinemaldian
Telmo Iruretak zuzendutako 'De agua y arena' film laburrean oinarritutako antzezlana da; apirilaren 2an egingo dute emanaldia.

Telmo Iruretak zuzendutako De agua y arena film laburrean oinarrituta, Tentazioak konpainia donostiarrak Interview: Urez eta hondarrez ikuskizuna osatu du. Estreinako emanaldia, 22. Giza Eskubideen Zinemaldian egingo dute apirilaren 2an. Ia ordubete iraungo duen saioa Viktoria Eugenia antzokian aurrera eramango dute, 19:30ean hasita.
Iruretak berak zuzendu eta ekoitzitako ikus-entzunezkoan, garuneko paralisiaz hitz egiten du: Nola eta noiz etorri zitzaion, familiak nola hartu zuen, eta berak nola egokitu behar izan zuen inork imajinatzen ez zuen beste bizitza horretara. Lana ikusi ondoren, konpainiak proposatu zion “zuzeneko formatu ezohiko eta berezi bat ekoiztea”. Bertan, De agua y arena ikusi ondoren, Dorleta Urretabizkaiak Irureta elkarrizketatuko du berari buruz gehiago jakiteko. Ikusleek ere parte hartuko dute, eta, hala, esan gabe geratu zitzaizkion gauzak kontatuko ditu, hala nola, prozesua nolakoa izan zen eta ekarri dizkion poz eta zailtasunak.
Sarrerak 10 euroan salgai jarriko dituzte ostiralean, martxoak 21, 11:30ean, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugeniako leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.