Udal gobernuak Zmare jatetxearen aferan izandako jokabidea kritikatu du EH Bilduk

Iragarri zuten moduan, EH Bilduk Zmare jatetxearen inguruko interpelazio bat aurkeztu du gaur goizeko Ogasun batzordean. Gogoratu behar da, Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak espedientea ireki diola Donostiako Udalari, Zurriola pasealekuko establezimendua kudeatzen duen aldi baterako enpresa elkarteak hainbat arau urratu dituelako.
Kerman Orbegozo Ogasun zinegotzi jeltzaleak eman ditu azalpenak, eta udal batzordeak dio “esperotakoa berretsi” dutela: “Udalean ez da espedienterik ireki emakidaren baldintza agirietan ezarritako arauak ez betetzeagatik. Are gehiago, Orbegozok aitortu du Ondare Sailari ez diola inolako ikuskapenik egiteko agindurik eman, ez Kostalderako Probintzia Zerbitzuak bederatzi arau hauste egiaztatu eta espedientea ireki aurretik, eta ez ondoren”.
EH Bilduren arabera, Orbegozok adierazi du udal gobernuak “ez duela baztertzen” Zmareko kudeatzaileei espediente bat irekitzea. “Nahikoa al da Zmare fede onez ari zela uste zutela esatea? EH Bildurentzat, ez. Baieztapen horiek adierazten dute iniziatiba eta ardura eza. Zentzu horretan, deigarria da egiaztatzea, aitortu duen bezala, egindako errekerimenduak hitzezkoak baino ez direla izan, pasealekuko barandari lotutako aulkiak kentzeko errekerimendua salbu”, azaldu dute.
Udal taldeak interpelazio bidez “mahai gainean” jarri dituen “zalantza guztiak” argitu gabe geratu direla diote, eta udal gobernuaren estrategia “erantzukizunari aurre ez egitea” dela esan dute.