Adimen artifiziala ikertzeko akordioa sinatu dute Donostia Sustapenak eta Tecnunek
Lau urtez, adimen artifizial aplikatuaren erabilera eta eragin soziala aztertuko dute elkarlanean.

Donostia Sustapenak eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak (Tecnun) elkarlan hitzarmena sinatu dute datozen lau urteetan adimen artifizial aplikatuaren erabilera eta eragin soziala ikertzeko. Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzi Ane Oiarbidek eta Tecnungo zuzendari Raul Antonek izenpetu zuten akordioa.
Oiarbideren ustez, “adimen artifiziala aldaketarako eragile handienetako bat da. Donostian, dagoeneko teknologia horrekin lan egiten duten enpresen ekosistema zirraragarria dugu, eta gure konpromisoa da haren erabilera bultzatzea, eragin positiboa sortzeko, etika eta oinarri batzuen gainean; baita enpresa sektorean berrikuntza sustatzea eta lehiakortasuna hobetzea ere”. Gainera, hirian horrelako enpresak garatzen laguntzen duten faktoreak ere ikertuko dituzte, baita teknologiari dagokionean zer behar dituzten ere, eta horiek hiriaren jasangarritasunean duten eragina ebaluatuko dute. Azterketa horiek guztiek egungo enpresa sarearen gaitasun teknologikoak hobetzeko tresnak emango dizkiote Donostiako Sustapenari, eta, aldi berean, hirian SEIC enpresa berriak sortzea sustatuko dute.
Katedra bat sortuko dute, gai honetan doktorego tesi bat garatzeko aukera emango duena. Lan ildoetako bat ezagutza-enpresa intentsiboetara (SEIC) transferitzea izango ezagutzaren transferentzia izango da. Halako enpresak hiriko BPGaren ia erdia eta enpleguaren %3o dira. Tecnungo Enpresekiko Harremanetarako zuzendari Rocio Nuñezen esanetan, “katedrak teknologia berriei buruzko ezagutza, adimen artifizialari buruzkoa kasu, Donostiako enpresa sektorera transferitzeko aukera emango Horretarako, gazte-talentuarekiko lotura erraztuko du, tokiko enpresei gai horiei buruzko prestakuntza emango die, eta gizarte-inpaktua duten dibulgazio, ekintzailetza eta berrikuntza jardueretan lagunduko du. Era berean, Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako prestakuntza ezagutarazteko ekimenak bultzatuko ditu”.