Donostiatik Independentziara Eguna antolatu du Ernaik larunbaterako

Ernai gazte antolakundeak Donostiatik Independentziara Eguna antolatu du larunbat honetarako (hilak 22) Antiguan, Bentaberriko plazan. Azaldu dutenez, “Euskal Herriaren independentziarako aldarria erdigunean jarriz”, apirilaren 17tik 20ra egingo duten den Gazteon Eskutik egitasmoaren berri emango dute bertan: “Gazteon Eskutik gazte independentiston topalekua izango da. Lau
egunez Euskal Herriko milaka gazteek bat eginez, amesten dugun Euskal Herrira jauzi egiteko indarra hartuko dugu”, aurreratu dute.
Gizartea “une erabakigarria” bizitzen ari dela nabarmendu du Ernaik: “Bai mundu mailako erronkei dagokionez, zein, Euskal Herriaren askapen prozesuaren ikuspegitik jauzi berri bat egiteko aukerei dagokionez. Gainera, bi prozesu hauek lotuta daude. Euskal Herrian, maila globaleko erronkei aurre egiteko eta bidegurutze historiko honetan posizio eraldatzaileetan oinarritutako zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde bultza egiteko bide bakarra independentzia baita”.
Ildo horretatik antolatu dute larunbateko egitasmoa, “Donostiako gazte independentiston topalekua izateko asmoz”, egun osoko egitarauarekin: hitzaldiak, bazkaria eta musika emanaldiak antolatu dituzte eta behean daukazue kartela. Bazkarirako txartelak Platero eta Herria tabernetan eta galdetegi honetan eskuratu daitezke, asteazkenera arte.