Gazteen osasun mentala zaintzeko 'Zeuk aukeratu' tailerrak aurrera eramaten ari dira zortzi hezkuntza zentrotan
Prebentzio programak familiak, irakasleak eta 12-22 urte arteko ikasleak barne hartzen ditu; aurten beste 25 tailer egingo dituzte lau ikastetxetan.

Donostiako Udalak eta Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta haien senideen Gipuzkoako elkarteak (Agifes) aurten ere Zeuk Aukeratu prebentzio programa aurrerra eramaten ari dira, Donostiako nerabeen eta gazteen osasun mentala zaintzeko. Programak familiak, irakasleak eta 12-22 urte arteko ikasleak barne hartzen ditu.
Osasun Publiko zinegotzi ordezkari Iñigo Garciak adierazi duenez, gazteen eta nerabeen osasun mentalari buruzko datuek “egoera kezkagarri” bat jartzen dute agerian: Osasun mentalari lotutako arazoen erdia 15 urte bete aurretik agertzen dira, eta %75a 18 urte bete aurretik. Beste datu oso kezkagarri bat da gazteen ia erdiak, %49, inoiz pentsatu duela bere buruz beste egitea. Horregatik, osasun mentala zaintzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi dute, seinale goiztiarrak identifikatuz, batez ere, adin txikikoen kasuan, “seinale horiek arazoak sor baititzakete gerora”. Era berean, estigmaren ondorioak minimizatu nahi dituzte, eta horretarako, “arazoa estereotipoetatik kanpo ikusi behar da”. Gazteek gehien pairatzen dituzten arazoak antsietatea, gogo aldarte baxua, familia arazoak, arazo akademikoak eta suizidio ideia edo ahaleginak dira, eta horiek gazteen errendimendua, ongizatea eta bizitza kaltetzen dituzte.
Arazo emozionalak naturalizatu
Ordu eta erdiko 100 tailerretan egituratuta dago programa eta, gehienez, saio bakoitzean hamabost lagunek parte har dezakete. Asteotan 35 tailer egiten ari dira zortzi zentrotan eta beste 25 tailer gauzatuko dituzte beste lau zentrotan oraindik zehazteke dauden datetan. Joan den ikasturtean 40 tailer aurrera eraman zituzten zazpi ikastetxe, Lanbide Heziketako ziklo eta unibertsitate gradutan.
Lehen zatian, ondoez emozionala edo depresio egoerak bizi izan dituzten pertsona ospetsuen bideoak edo zuzeneko lekukotzak baliatzen dituzte halako egoerak naturalizatzeko. Ondoren, ikasleen adinera egokitutako dinamikak burutzen dituzte, iritzi, zalantza eta esperientzietarako gune bat eskaini eta horiek ikasgelan partekatu ahal izateko, osasun mentalari buruz hitz egitearen garrantzia nabarmenduz: arazo emozionalak naturalizatzea, hitzez adieraztea eta laguntza eskatzea, hala, horrelako arazoak kudeatzeko zailtasunak gainditzeko. Saioa amaitzeko, tresna komunitarioak eskaintzen dizkiete, hala nola, laguntza telefono edo Whatsapp bat, gazteek, behar izanez gero, erabil ditzaten. “Programaren helburu nagusia da baliabide hori ikusaraztea eta bizitzako une batean bidean laguntza psikologikoa behar duten pertsonei hori hautatzeko aukera ematea”.