Ostegunean kaleak betetzera deitu du Ikamak, Euskal Hezkuntza Sistema propioaren alde

Ikama ikasle antolakunde independentista eta feministak grebara deitu ditu Hego Euskal Herriko unibertsitateetako, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikasleak ostegunerako (hilak 20). Motorrak berotzen joateko, kideek “blokeo” bat egin dute astearte goizean Ibaetako campuseko aularioan. “Abenduan ezagutzera eman genuen Ikamaren proiektu politiko berria, Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioarena, hain zuzen, eta, orain, papereko aldarriak kaleko oihu bihurtzeko eguna hurbiltzen ari da”, nabarmendu du antolakundeak. Donostian, 12:00etan abiatuko da osteguneko mobilizazio nagusia, Antiguako tuneletik.
Ikamaren ustez, “Euskal Herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza lortu eta hezkuntza proiektu askatzailea eraikitzeko modua Euskal Hezkuntza Sistema propioa erdiestea da, eta horretarako botere egitura nahikoa eskuratzeko Euskal Herriak independentzia behar du”. Ildo horretatik, “zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabeko hezkuntza bat izatea ezinbestekoa da, ikasketa prozesua baldintza duinetan egitea eskubide bat delako. Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntza publikoa, doakoa eta ez segregatzailea izan behar da eta baldintza material duinak eta kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditu. Eta horretarako, ikaslea erdigunea izateko, ikasleen partaidetza aktiboa eta kontzientzia kritikoa sustatzea ezinbestekoa izango da”, gaineratu dute.
Era berean, “faxismoaren gorakadaren testuinguruan”, ezinbestekotzat jo dute “borroka antifaxistak lehen lerroa hartzea”. “Hori sistema kapitalista zisheteropatriarkala apurtzeko anbizioarekin lortzen da: euskal hezkuntza antikapitalista, feminista eta euskalduna izango da, sistemaren erreprodukzioa eten egingo duena”, gehitu dute.
Egun osoko egitaraua
Osteguneko greba egunera begira, aipaturiko eguerdiko manifestazioaz gain, egun osoko egitaraua prestatu du antolakundeak, bereziki, duela gutxi “unibertsitatean propaganda politikoa egiteagatik identifikatuak izan ziren lau kideei eta horietako bati jarritako 600 euroko isuna ordaintzeko”. Horrela, manifestazioaren ostean, elkarrekin bazkalduko dute eta musika emanaldiak antolatu dituzte; behean daukazue kartela.