Udalak ostegunean zozkatuko ditu hiru hondartzetako toldoak
Zozketaren datari eutsiko dio, Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak Kontxako hondartzan aurreikusitako toldoen herena kentzeko agindu badio ere.

Datozen hiru denboraldietarako hiriko hondartzetako toldoen zozketa egitear dela, Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak Kontxako hondartzan aurreikusitako 440 toldoetatik 150 kentzeko betebeharra jakinarazi dio udalari. Izan ere, itsasertzarekiko sei metroko tartea mantendu behar da itsasgoran, eta zaila zen horri eustea, bereziki marea bizietan edo denboraleetan.
Hiri mantenu lanetako zinegotzi Carlos Garciak adierazi duenez, aurreko denboraldietako egoera mantentzen saiatu dira, baina “orain arte gomendio izan dena, betekizun bihurtu da”. Ondorioz, Kontxako toldoen zerbitzurako oinarri berriak onartu ditu udalak, 150 toldo kenduz. Hala eta guztiz ere, zozketa ostegunean, hilak 20, egingo du, eta ondoren, esleipendunek toldoaren kokapena aukeratu ahal izango dute.
Erabakia Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak 2024an egindako ikerketa baten emaitza da. Bertan agerian utzi du azken urteetan marea-lerroa igotzen ari dela, klima aldaketaren ondorioz. Egoerak ez die eragingo Ondarretako eta Zurriolako hondartzei, aurreikusitako kopuruari eutsiko baitiote.
Bestalde, Eneko Goia alkateak erabakia gaitzetsi du. “Uste dut zenbait gauza irrazionalak direla, eta hau horietako bat da, beste bat”, eta gehitu du badirudiela Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuaren “misioa” kostako udalerrien jarduna zailtzea dela. “Madarikazio bat da”.