Andrija Delibasic Realeko jokalari ohia zendu da

Andrija Delibasic (Montenegro, 1981) Realeko jokalari ohia zendu da, 43 urte zituela. Duela bi urte garunean tumore bat atzeman eta ebakuntza egin zioten, eta ordutik minbiziaren kontra aritu da borrokan. 2007-2008ko denboraldian iritsi zen talde txuri-urdinera, bigarren mailara jaitsi ondoren. Sei gol egin zituen 34 partidatan.
2008an, Juanma Lilloren agindupean, Mendizorrotzan Realak lehen mailara itzultzeko aukera izan zuen partida batean gol bat sartu zuen, baina azken minutuetan 1-2tik 2-3ra pasatu eta ametsa zapuztu zen. Ondorioz, talde donostiarra ez zen igo ez 2007-2008ko ezta 2008-2009ko denboraldian ere. Gainera, Realeko jokalari ohia izateaz gain, Mallorcan, Rayon eta Herculesen ere aritu zen.
Orain gutxi arte, Delibasic UEFA Pro lizentziadun entrenatzailea zen eta Buducnost Podgorica taldeko kirol zuzendaria.
Realak Delibasicen heriotza deitoratu du, eta doluminak eskaini dizkie senide eta lagunei.
⚫ Bihotzez sentitzen dugu Andrija Delibašić Txuri-Urdin jokalari ohiaren heriotza. Gure doluminak senide eta lagunei. Goian bego. pic.twitter.com/1tCJD5ev4D
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) March 19, 2025