Belodromoko estalkia eraberritzeko lanak amaitu dituzte
Lau hilabete eta erdiz luzatu dira lanak eta 1.188.000 euroko inbertsioa izan dute.

Aste honetan amaitu dituzte Antonio Elorza Belodromoko estalkian egiten ari ziren lanak. Estalkian zeuden PVC xaflen bi geruza kendu eta TPO izeneko geruza iragazgaitz bat jarri dute, 20 urteko bermearekin. Geruza horren azpian, sei zentimetroko isolatzaile termiko bat ipini dute. Lanak lau hilabete eta erdiz luzatu dira eta 1.188.000 euroko inbertsioa izan dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena izan dute.
Belodromoaren ohiko kirol jarduera ez da eten, eguraldi txarrak eta obraren fase zailenak eragindako zenbait salbuespen zehatzetan izan ezik. Atletismo eta txirrindularitza federazioekin jarduera protokolo bat adostu zuten obrak ohiko entrenamendu eta lehiaketekin bateragarri egin ahal izateko.
Kirol eta Bizitza Osasungarrirako zinegotzi Iñaki Gabarainen hitzetan, berriztatze integrala “anbizio handiko” proiektu bat izan da, ur iragazketak “desagerrarazi” eta azpiegituraren energia eraginkortasuna “hobetuko” duena.
Donostia Kirolaren helburu estrategikoa da Anoetako Kirol Hiriko azpiegiturak hobetzea. Hau izan da jarduera nagusietako bat, eta hilabete gutxi barru Miniestadioa berritzeari ekingo dio, besteak beste.