EH Bilduk Eneko Goiaren agerraldia eskatuko du gaurko Ekialdeko Barrutiko batzarrean

EH Bilduk Eneko Goia Donostiako alkatearen agerraldia eskatuko du Ekialdeko Barrutiko batzarrean, gaur, hilak 19, 18:30ean egingo den bileran, udal gobernuak erakutsitako “utzikeria argitzeko” eta “egoera zuzentzeko” neurriak eskatzeko.
Garbiñe Alkiza zinegotziak eta Ekialdeko Barrutiko EH Bilduren ordezkariak gogorarazi duenez, “azaroan, barrutiaren batzarrak 2025eko udal aurrekontuetan diru sail bat eskatzea onartu zuen gehiengoz, baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. Gainera, gobernuak baztertu egin zituen EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak aurkeztutako zuzenketak, Carlos Garcia PSE-EEko zinegotziak berak aitortu digunez”. “Argi dago Ekialdeko Barrutia ez dela lehentasun bat Eneko Goiaren taldearentzat”, adierazi du.
EH Bilduren arabera, barrutiaren egitura ez da eraginkorra eta baliabide falta zaizkio. “Eraginkortasun falta dago. Barrutiak bi teknikari baino ez ditu, eta askotan ez dira nahikoa izan eginbeharrak behar bezala betetzeko. Ez dugu aurrekontua zuzenean kudeatzeko ahalmenik, eta horrek atzerapenak eta trabak sortzen ditu”, salatu du Zigor Etxeburuak, Ekialdeko Barrutiko EH Bilduren ordezkariak.
Koalizioak azpimarratu duenez, udal gobernuak ez du erreakzionatu nahiz eta hainbatetan ohartarazi dioten egoeraz. “Gure iritziz, ez da onargarria alkateak eta bere gobernuak erakutsi duten utzikeria. Aukera izan dute egoera bideratzeko, baina ez dute nahikoa bultzadarik eman”, kritikatu du Alkizak.
EH Bilduk uste du Goiak azalpenak eman beharko lituzkeela eta barrutiaren egoerari buruzko ardurak hartu. “Ekialdeko Barrutiak 45.000 biztanle ordezkatzen ditu, hiriaren laurdena, eta ezin dugu onartu udal zentralismoaren ondorioz bazterturik jarraitzea”, nabarmendu du Etxeburuak.
Agerraldia “borondatezkoa” den arren, EH Bilduk espero du Goiak eskaera onartzea eta maiatzaren 21ean Altzan, barrutiaren egoitzan, batzarkideen aurrean azalpenak ematea. “Kontrakoa ez genuke ulertuko”, ohartarazi du Alkizak.