Taxien tarifak igo dituzte Donostialdeko Araubide Bereziko Eremuan

Donostiako Udalak taxien 1., 2. eta 5. tarifei %5,02ko igoera aplikatzea onartu du. Horrela, 0,30 eta 0,35 euro artean garestitu da zerbitzua. Donostialdeko Araubide Bereziko Eremu osoan aplikatu dute neurria.
Igoerak, zehazki, honela aplikatuko dira: 1. tarifari, lanegunetan 07:00etatik 22:00etara ematen den hiri-zerbitzuari; 2. tarifari, EAEk eta tokiko araudian jaieguntzat jotzen diren larunbat, igande eta egunei, abuztuaren 11, 12, 13 eta 14an eta abenduaren 24an eta 31n; eta lanegunetan, 22:00etatik 07:00etara, betiere 5. tarifa aplikatzen ez bada. Azken tarifa ostiral, larunbat eta jaiegun bezperetako 22:00etatik larunbat, igande eta jaiegunetako 07:00etara aplikatzen da. Gutxieneko tarifak 1,5 kilometroko ibilbidea edo 5 minutuko itxaronaldia barne hartzen du.
Donostian 308 taxik dute lizentzia, eta Donostialdeko Araubide Bereziko Eremuko beste 118 taxi dira zerbitzua eskaintzen dutenak. Zehazki, herri hauetakoak dira taxiak: Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Andoain, Lasarte-Oria eta Urnieta.