Aieteko Lantxabe auzo elkarteak berriz ere eskatu du La Cumbre herriarentzat irekitzeko

Aieteko Lantxabe auzo elkarteak eskatu du behingoz ireki ditzatela La Cumbre jauregiko lorategiak herritarrentzat, baita salatu ere gunea udalaren eskuetara pasatzeko prozesua atzerapen asko izaten ari dela. Izan ere, gogoratu behar da Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk 2022an erdietsi zutela La Cumbre Donostiako Udalaren eskuetara pasatzeko akordioa, Espainiako Memoria Demokratikoaren legearen onarpenaren testuinguruan. Horren bidez, GALek Lasa eta Zabala torturatzeko erabili zuen jauregia udalaren eskuetara pasatu behar zen legea indarrean sartu eta urtebetera —2023ko urrian—, bertan memoria gune bat sortzeko.
Lantxabek garai hartan ere publikoki adierazi zuen begi onez ikusten zuela gune hori udalaren eskuetara pasatzea, eta lorategiak auzoarentzat irekitzeko eskatu zuen. Horrela, orain, auzo elkarteko batzarra egingo dute hilaren 26an, eta bertan proposatuko dute udal taldeei eskatzea apirileko udalbatzarrean mozio bat aurkeztea, lorategiak behingoz ireki ditzatela eskatuz.
Auzo elkartearen arabera, bere ordezkariek hori bera eskatzeko bilerak egin dituzte Eneko Goia alkatearekin eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuko ordezkariarekin, eta udal talde guztiei proposatu diete aipaturiko mozioa aurkezteko.
Atzerapenak
Jauregiaren jabetzaren esku aldaketa ez da gauzatu, baina pauso batzuk eman dira Euskal Herritik: iazko abuztuan, udalak Espainiako Gobernuari helarazi zion La Cumbre memoria gune bihurtzeko proposamenaren zirriborroa eta, urrian, proiektu landu eta mamitsu bat aurkeztu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak, Argituz elkarteak, Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak, Berridatzi elkarteak, Egiari Zor fundazioak eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek.
Proiektuaren xedea da La Cumbre “ikerketarako, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako eta, batez ere, dibulgaziorako gunea” izatea, eta hori da, hain zuzen ere, batzar nagusietan aurkeztu duten proiektua. Era berean, senideek salatu dute “erresistentzia” handiegia dagoela legeak dioena bete eta La Cumbre udalaren eskuetara pasatzeko, eta horrek ez diola mesederik egiten “elkarbizitzari”. Halaber, deitoratu dute estatuaren indarkeriaren biktimek ez dituztela aitortura beste biktima batzuek aitortuta dituzten eskubide berberak.