EHU Palestinak elkarretaratzea egingo du asteartean Carlos Santamaria liburutegi aurrean
Carlos Santamaria Zentroaren atarian bilduko dira 13:00etan; Israelgo erakunde akademikoekin dituen harremanak eteteko eskatuko diote errektoretzari.

EHU Palestina taldeak ohar baten bidez jakinarazi du datorren asteartean, hilak 25 elkarretaratzea egingo duela errektoretza talde berriari “egungo egoera larriak eskatzen dituen erabakiak behingoz har ditzan eskatzeko”. Unibertsitate kide guztiak eta herritarrak deitu dituzte parte hartzera, “egoera egunetik egunera jasanezinagoa” baita. Carlos Santamaria Zentroaren atarian bilduko dira, 13:00etan.
EHU Palestinak eta bestelako eragileek hainbatetan aipatu bezala, Israelgo estatuaren ekintza genozidak ez lirateke posible mendebaldeko gobernu zein instituzio publiko eta pribatuen “konplizitaterik” gabe. Salatu dutenez, Euskal Herriko Unibertsitatea “konplize” horien artean dago, izan ere, Europar Funtsekin finantzatutako proiektuen bidez, “harremanak ditu Israelgo hainbat erakunde akademikoekin”, eta “elkarlanean ari da Israelen genozidioa ahalbidetzen duten zenbait enpresekin”, CAF, kasu.
Aipatu harremanak bertan behera uztea eskatu du EHU Palestinak, beste behin. “EHUk Israelekin (eta bere konplizeekin) dituen harremanei buruzko gardentasun falta erabatekoa da”, horregatik, joan den ikasturtean batzorde baten eraketa eskatu zioten errektoretzari, eta bi astetan horren aldeko 1.060 sinaduratik gora bildu zituzten. Testuinguru horretan, EHU Palestinak Errektoretza berriari planteatu dizkio Israelekin harreman oro eteteko beharrezkotzat jotzen dituen bermeak. Hurrengo bilera maiatzean dute eta negoziazioak gehiegi luza daitezkeen beldur, neurriak “lehenbailehen” hartzea ezinbestekoa dela gogoratu du.