«Hitzarmen duina» aldarrikatu dute Gipuzkoako egoitzetako langileek

Gipuzkoako egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute ostegun goizean Donostian, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, “hitzarmen duina eskatzeko”, LAB sindikatuak deituta.
Sindikatuak azaldu duenez, euren “proposamena eta helburua zaintza lanak publifikatzea da”, zaintza lanak “ezinbestekoak” direlako eta “zerbitzu publikoa” direlako. “Batzuek zaintzarekin negozioa egiten dute eta ez dute eskaintza duinik langileontzat. Horregatik, LABek apustu garbia egin du zaintza lan guztien publifikazioaren alde”, gaineratu dute.
Ildo horretatik, Gipuzkoako egoitzetako langileen “izaera publikoa” aldarrikatu dute goizeko elkarretaratzean, baita” norabide horretan kokatuko den hitzarmena” aldarrikatu ere. Ordea, azaldu dutenez, “hitzarmenaren negoziaketa ez da ondo hasi”: “Patronalaren aldetik, ez da proposamenik egon, eta sindikatuon proposamenari ezezko borobila eman dio. Egoera ez da berria egoitzetako langileentzat, baina LAB ez dago prest egungo ratioak, kontratu partzialak eta lan baldintza gogorrak onartzeko. Horregatik, aldundiari deia luzatzen dio bere ardura har dezan, eta behingoz ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesua bere gain har dezan”.
Horrez gain, salatu dute “langileen eskubideen alde egindako borrokagatik” LABeko bi kide epaituak izango direla, eta “urte eta erdiko espetxe zigorra” eskatzen dietela: “Egoitzetako hitzarmenaren negoziazioaren barruan egindako mobilizazio batean parte hartzeagatik izango dira epaituak, hilaren 25ean. Egun horretan, Donostiako epaitegian epaiketa hori salatzeko deia egiten dugu”.