Laugarren lanuztea egin dute Gizarte Ekintzako langileek, %100eko jarraipenarekin
Hilaren 27an, greba egingo dute Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako langileek.

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako langileek aurreikusita zituzten lau lanuzteetatik azkena egin dute gaur, hilak 21, lan baldintza hobeen alde. Langileen Batzordeak (ELA, LAB, CCOO, ERNE eta ESAN) azaldu duenez, aurreko lanuzteetan gertatu zen moduan, honek ere “%100eko jarraipena eta arrakasta handia izan du”.

Gizarte Ekintzako langileek euren laugarren lanuztea egin dute eta udaletxearen aurrean protesta egin dute.Langileen Batzordea
“Berriro exijitzen diegu Eneko Goia alkateari eta Maria Jesus Idoeta Gizarte Ekintza Saileko zinegotziari erantzukizuna har dezatela eta gatazka honi konponbidea eman diezaiotela”, nabarmendu dute. Era berean, gogorarazi dute grebara deitu dituztela langileak datorren asteko ostegunerako (hilak 27).
Langileek egitura eta antolakuntza beharren azterketa egitea nahi dute, neurriak hartu ahal izateko. Besteak beste, baliabide material gehiago, profesionalen araberako arreta ratioa murriztea edota pertsonen beharrei lehentasuna emango dien kudeaketa ezartzea nahi dute.