Zer plan astebururako?

Astebururako plan bila bazabiltza, aukerarik ez zaizu faltatuko Donostian. Gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu, eta, jarraian, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizugu. Nabarmendu behar da Mojo Workin’ musika beltzaren jaialdia egingo dutela ostiralean eta larunbatean Dabadaban, Keith & Tex eta John Primer mitoen kontzertuekin, besteak beste. Sarrera guztiak agortuta daude, ordea; musika beltz zalea bazara, ziur badituzula zure sarrerak.
Ostiralean (hilak 21), Poesialdira joatea proposatzen dizugu, Manttalingo alaba ikustera. Mikel Etxaburuaren errezitaldi musikatua da, bere izen bereko liburuan oinarritua. Ernest Lluch Kultur Etxean izango da, 19:00etan, doako sarrerarekin.
Larunbatean (hilak 22), Egiako Egialai pilota elkartearen bigarren urteurreneko festara joatea da gure proposamena. 10:00etan hasita, auzoko frontoian eguneko txapelketa antolatuko dute. Horrez gain, musika ezin hobeak girotuko du ekitaldia, festarako egokiak diren doinu alai eta dibertigarriekin batera: Pelax eta Txusta musikariak arituko dira. Behin goiza amaituta, bazkari herrikoia egingo dute Arrano elkartean. Azkenik, egunari amaiera emateko, Ilargi txarangaren erritmo alai eta dantzagarriak izango dira, jaia behar bezala borobiltzeko. Hemen daukazue egitarau osoa eta hemen iazko festako argazkiak.
Azkenik, iganderako (hilak 23), astero errepikatu daitekeen proposamen bat egingo dizuegu: Donostiako Udaleko Txistulari Taldearen kontzertua ikustera joatea. Goizean goiz Parte Zaharretik diana jo ostean, Santa Maria basilikan kontzertua eskainiko dute, 12:30ean.
Bonus track: datorren ostegunean (hilak 27), Memoriaren basoak erakusketari lotutako jardueren barruan, Trabajadoriak. Frankismoaren gatibuak Oarsoaldean dokumentalaren proiekzioa egingo dute San Telmo museoan, eta ondoren, solasaldia, Memoriaren Bideak elkarteko Fernando Mendiolarekin, Kattin-txiki oroimen historikoa elkarteko Joxan Mitxelenarekin eta Mikel Mendizabalekin.