Añorgako arigunea, euskararen erabilera biziberritzeko
Egitasmoak euskararen ulermena eta erabilera sustatu nahi du, komunitatea aktibatuz eta gune seguruak sortuz. Añorgan hasitako esperimentazio faseak hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka du ardatz.

Euskararen erabilera eta ulermena sendotzea helburu duen Gipuzkoa Arigune proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Taupa euskaltzaleen mugimenduak, Soziolinguistika Klusterrak eta Badalabek elkarlanean abiatu dute. Ekimen honek hizkuntza ohiturak eraldatu eta komunitatearen parte hartzea sustatu nahi du. Momentuz, Antzuolan, Aian eta Añorgan martxan jarri den esperimentazio fasearen bidez, euskararen normalizazioan urrats esanguratsu bat egitea da xedea.
Proiektuaren inguruko xehetasunak partekatzeko, astelehen eguerdian bildu ziren Mikel Ozaita Azpirotz Taupa euskaltzaleen mugimenduko kidea (Orendain, 1982) eta Eider Intxusta Serrano (Añorga, 1981) eta Maddi del Campo Etxeberria (Añorga, 1993), Añorgako bizilagunak.
«Gipuzkoa Arigune egitasmo ausarta da, eta gure asmoa ez da soilik ulermena sustatzea, baizik eta euskararen erabilera areagotzea ere bai. Horretarako, hiru metodologia darabiltzagu: uler saioak, ulerrizketa eta eusle. Uler saioetan, 120 minutuko formakuntzaren bidez, B1 mailako ulermena lantzen da; ulerrizketa, berriz, euskaraz ulertu eta hitz egiten dutenen arteko dinamika bat da; eta eusle, Euskaraldian oinarritutako jarduera bat, ahobizi eta belarriprest dinamikekin», azaldu du Ozaitak.
Egitasmoaren lehen urratsak 2019an egin zituzten, Gipuzkoako hainbat gune segurutan, eta bertan, euskararen erabilera bultzatzeko ekimenak jarri zituzten martxan. Añorgako proiektuaren ordezkari den Eider Intxustak honakoa nabarmendu du: «Gure helburua ez da soilik Aiara, Antzuolara eta Añorgara mugatzea, baizik eta Gipuzkoa osoan pixkanaka zabaltzea. Gipuzkoa Arigune, azken finean, euskararen sustapenerako aukera berriak sortzen dituen gune komunitarioa da».
Añorga, euskararen etxea
Añorgan, euskararen erabilera egunez egun gutxitzen ari dela adierazi dute biztanleek. Egoera hori iraultzeko, Gipuzkoa Arigune proiektua martxan jarri dute, Añorga KKE eta Amassorrain ikastolarekin harremanetan jarriz. Helburua da auzoan hizkuntza biziberritzea eta egunerokoan euskararen presentzia indartzea.
Intxustak azaldu duenez, Añorgan proiektua martxan jartzea aukera bikaina izan da: «Añorga auzoa aukeratu izana paregabea izan da. Izan ere, komunitate sendo bat dago atzetik eta elkarteek ondo funtzionatzen dute. Hala ere, auzoan ere garrantzitsua da eragile guztiak batzea: elkarteak, instituzioak eta herritarrak. Guztiak elkarlanean ari gara».
Proiektuaren aurkezpena 2024ko ekainaren 7an izan zen eta 100 pertsona inguru bertaratu ziren, ekimen honen parte izateko asmoz. Hasieran, zazpi bat lagunek osatzen zuten euskara batzordea, baina, gaur egun, hamabost inguruk parte hartzen dute. Del Campok nabarmendu duenez, «kopurua handituz doa eta Añorga auzoak proiektu hau hain ondo hartu izana oso pozgarria da guretzat».
Proiektua abiatu zenetik, hainbat erronka eta irakaspen izan dira auzoan. Hasieran, zenbait herritarrek euskaraz hitz egiteko beldurra zuten, hizkuntza behar bezala ez zekitela edo zaila izango zela pentsatuz. Hala ere, denborarekin, gune seguruak eta hizketa txokoak sortzeak, baita komunitatearen babesak ere, eragin handia izan du. Del Camporen hitzetan, «jendea asko animatu da euskaraz hitz egitera, eta, gainera, euskararen erabilerak jendea gehiago motibatzen du».
Ondorioz, Añorgan komunitatea aktibatu da eta euskararen erabilera indartzeko urrats sendoak egiten ari dira. Elkarlanaren bidez, hizkuntza biziberritzea eta auzoan euskara presenteago egotea lortzea da helburua.
Etorkizuneko erronkak eta aukerak
Añorgan euskararen ulermena oso zabalduta dago, baina erronka nagusia hitz egitea da. Herritar askok euskara ulertzen duten arren, egunerokoan erabiltzea zailago egiten zaie. Joera hori Gipuzkoako beste hainbat lekutan ere gertatzen da, eta egoera iraultzeko bidean gune seguruak eta komunitate indartsuak sortzea funtsezkoa da. Hain zuzen ere, Ozaitak, Intxustak eta Del Campok argi dute Gipuzkoako egitasmoen helburua: proiektua zabaltzea eta euskara erabiltzeko gune seguru gehiago sortzea. Ozaitaren hitzetan, «gune seguruak ez dira soilik hizkuntza praktikatze aldera, baizik eta komunitate indartsu bat sortzeko tresna gisa ere ikusten ditugu». Añorgaren kasuan, komunitatea sendotu eta euskararen erabilera jauzi egiteko, komunitatean euskaraz hitz egiteko espazio erosoak sortu behar dira.
Bestalde, Del Campok argi dauka egitasmoen arrakasta guztion inplikazioaren araberakoa izango dela: «Gipuzkoa Arigune egitasmoak arrakasta izateko, elkarrekin lan egin behar dugu: herritarrak, elkarteak, eragile sozialak eta instituzioak». Añorgan ere, herritarren, elkarteen eta erakundeen elkarlana funtsezkoa izango da euskararen erabilera sustatzeko eta komunitatearen kohesioa indartzeko.
Beraz, bidea argi da: Añorgan euskararen erabilera handitzeko, gune seguru gehiago sortu, komunitatea indartu eta euskaraz hitz egiteko ohitura sendotu behar da. Hori lortuz gero, 2050erako ez du soilik gehiengo batek euskara ulertuko, baizik eta erabilera naturala eta ohikoa izango da.