Bizipoza elkarteak Aitor Ikastolako umeak alaitu ditu

Atzo goizean hasi zen Bizipoza ekimena Aitor Ikastolan. Porrotx eta Zapotxin pailazoak bertaratu ziren, eta ilusioz eta alaitasunez bete zuten Egian kokatutako ikastola. 2 urteko gela 6. mailara arteko ikasle guztiek parte hartu zuten, eta Bizipoza zer zen hausnartu zuten.
Porrotxek galdera bat egin zien haurrei: “Zer izan da zuretzat Bizipoza?”. Erantzunak askotarikoak izan ziren: batzuek patata tortilla aipatu zuten, beste batzuek lagunekin eta familiarekin egotea, eta norbaitek lo egitea ere bai. Hala ere, guztiek adostu zuten askatasuna eta haur guztien eskubideak zaindu beharreko altxorrak direla.
Ikasleek argi ikusi zuten berdintasuna eta zaintza ongizaterako ezinbestekoak direla, eta Bizipoza bihotzetik bihotzera transmititzen dela sentitu zuten. Porrotxek eta Zapotxinek etxeko lan bat proposatu zieten: “Nola adierazi daiteke talde guztientzako Bizipoza?”. Hurrengo egunetan marrazkien edo hitzen bidez azaldu beharko dute.
Jaialdian festa, musika eta dantza ez ziren falta izan. Ohi bezala, pailazoek poztasuna zabaldu zuten, eta Aitor Ikastola, egun batez, Bizipoza plaza bihurtu zen.
Bizipoza ikastoletara iritsi da
Bizipozak 30 elkartetik gora biltzen ditu, haur eta familien ongizatea helburu duelarik. Bere asmoa poza partekatzea da, euskaraz eta sorkuntzaren bidez, hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera. Elkarte hauek transmititzen dituzten baloreak jasotzen, aberasten, hezten eta gizarteratzen ditu.
Aurten, Egian egingo da Bizipoza ekimenaren festa. Bertako 30 eragile baino gehiago elkartu dira aniztasuna ikusarazteko eta guztion ongizatea eskatzeko. Auzolanean, Bizipoza izpiritua eta ekintzak zabalduko dituzte. Martxoan, Bizipozako kideak Egiako eskoletan izan dira. Porrotx eta Zapotxin pailazoak Maria Reina, Presentacion de Maria eta Aitor Ikastolara joan dira, eta haurrei Bizipoza zer den azaldu diete. Ikastetxeetako ekimena hasiera besterik ez da izan, eta laster Bizipoza ekintzez osatutako agenda zabala aurkeztuko dute auzoko guztientzat.