Donostiako Udala eta Cristina Enea Fundazioa fruta arbolak landatzen ari dira Bidebietan, haurren ekimenez

Donostiako Udalak eta Cristina Enea Fundazioak fruta arbolen landaketa egin dute Bidebietan, FruitOndoaren egitasmoaren barruan. Ekintza honek Donostiako hiri parkeetan sei landaketa eremu sortzea du helburu. Ingurumen zinegotzi Iñigo Garcia Villanuevak azpimarratu duenez, proiektua “haurren ekarpenetik sortu da”. Izan ere, Bidebietako ADSIS Fundazio Zentroko ikasleek eta Auzoko Ahotsak Ekialdeko Barrutiko haurren partaidetzarako foroak egindako eskaerari erantzuten dio.
Landaketa ekitaldia Bidebietan, Cesar Benito futbol zelaiaren eta Makondo urbanizazioaren arteko pasealekuan gauzatu dute. Bertan, gazteek eta ADSIS Fundazioaren FBP zentroko ikasleek errexil eta pelestrina barietate autoktonoetako dozena bat sagarrondo landatu dituzte. Garcia Villanuevak nabarmendu duenez, “ingurumen kontzientziazioaren adibide bat da, auzoaren izaera naturala indartuko du eta ikasleek berariaz zainduko dute bere garapena”. Halaber, FruitOndoan ekimena hiriko hainbat gunetan garatzen ari dela azaldu du, sagarrondo mota desberdinak landatuz.
Cristina Enea Fundazioko teknikari Oihana Orkolagak azaldu duenez, jarduera hau “inguruko elkarte eta kolektiboekin harreman zuzena duen proiektua da, bai landaketa eta zaintzarako, bai eta uzta biltzeko ere”. Orkolagaren hitzetan, helburua da “lorezaintza parte hartzailea eta herritarren eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea”, espazio horiek komunitatearen parte bihurtzeko. Gainera, ADSIS Fundazioak Guardaplata erretiratuen elkartearekin garatzen duen laborantza eta baratze txikiaren proiektuan txertatzea aukera interesgarria izan dela adierazi du, “pertsona ezberdinen arteko harremanak eta sinergiak bultzatzeko”.
Landaketa hirian zehar
FruitOndoan ekimenak bertako fruta arbolen barietateak hiriko hainbat espazio publikotan landatzea du xede. Orkolagak gaineratu duenez, “oraingoz, tokiko sagarrondo espezie batzuk ditugu, baina, proiektua zabaldu ahala, beste euskal barietate batzuk ere txertatuko ditugu”. Halaber, esperientzia honek “alde guztientzat oso positiboa” izaten ari dela azpimarratu du.