«Donostian Mississippiko benetako 'bluesman' bat ikusteko azken aukera izango da»
Gure Gauza Kultur Elkarteko burua, Mojo Workin' jaialdiaren antolatzailea, binilo bildumazalea eta DJ-a da Arkaitz Kortabitarte 'Punko' (Altza, 1979). Gauza asko dira, baina denek dute ardatz argi bat: musika beltza. Pandemiak jaialdia gogor kolpatu ostean, iaz berreskuratu zuten eta aurten ere indartsu dator, Keith & Texen eta John Primerren moduko mitoekin. Festibalaz, musika beltzaren panoramaz, bildumazaletasunaz eta bestez mintzatu gara berarekin.

Hemen da Mojo Workin’ jaialdia, gaur eta bihar Dabadaban. Disfrutatzeko denborarik izango al duzu?
Disfrutatzeko denbora gehiago izatea gustatuko litzaidake, baina izaten dut horretarako denbora, bai; bestela, ez nuke antolatzen jarraituko.
Gau bakoitzak estiloa oso markatua du: gaur reggaea eta bihar bluesa.
Bi legendak konfirmatu genituenean, Keith & Tex eta John Primer, erabaki genuen gau bakoitzeko hasierako taldea ere estilo berekoa izatea, horrela gau tematikoak osatuz. Asumitu genuen jende gutxik hartuko zuela bi egunetarako abonamendua, baina, azkenean, iaz baino hamar bat abonamendu gehiago saldu ditugu.
Pozik gaude, baina baita harrituta ere, zeren, jende gutxiri gustatzen zaio bluesa eta jende gutxiri reggaea, eta zaila da bi generoak gustuko dituenik aurkitzea. Baina badirudi jendeak gure irizpideetan konfiantza duela.

Arkaitz Kortabitarte ‘Punko’ Mojo Workin’ jaialdiko antolatzailea, Art Cafe tabernan egindako elkarrizketan.Beñat Parra
Iaz, jaialdia berreskuratu eta, nolabait, hastapenetara itzuli zineten, nazioarteko artista historikorik ekarri gabe. Aurten, pandemia aurreko azken urteen mailara itzuli zarete, jaialdia Gazteszenan egiten zen urteetakora.
Lehen, modu esklusiboan jaialdirako ekartzen genituen halako izarrak, baina orain, kontzertuak areto txikiago batean eginda, ezinezkoa da, bira baten barruan ekarri behar ditugu. John Primer lortu genuenean, pentsatzen nuen hori izango zela aurtengo legenda bakarra. Ordea, Keith & Tex ekartzeko aukera atera zen gero, eta ezin izan genuen aukera hori pasatzen utzi, aurrekontua gaindituta ere.
«Mojo Workin’-a seme baten modukoa da niretzat»
Nola sortzen da halako mitoak ekartzeko aukera?
John Primerren kasuan, duela urte batzuk, Quique Gomez harmonika jotzailearekin jotzekoa zen Camerosko blues jaialdian [Errioxa, Espainia], eta bikotekidea eta biok ikustera joan ginen, baina azkenean ezin izan genuen ikusi. Hala ere, Quiqueren telefonoa lortu nuen, eta Donostian kontzertu bat antolatzen saiatu ginen. Ez genuen lortu, baina Quiquerekin harremana mantendu dut, eta zazpi edo zortzi urtez saiatu ostean, azkenean, lortu dugu datak lotzea.
Keith & Texi dagokionez, duela urte batzuk zuzenean ikusi genituen Bilbon, eta, bizpahiru urtez saiatu ostean, azkenean, lortu dugu ekartzea. Hau da, behin eta berriz saiatuta lortzen dira halako gauzak [barrez].

Billy Prince, 2016an, Mojo Workin’-ean jotzen; jaialdiak disko bat argitaratu zuen kontzertu harekin.Mojo Workin’
John Primerren moduko mito bat ikusteko azken aukera izango da biharkoa?
Musika beltzaren musikari klasikoak hiltzen doaz. Aurten John Primerrekin daukagun aukera, Donostian Mississippiko benetako bluesman bat ikusteko azkena izango da. Izan ere, bera Mississippin jaioa eta hazia da, hango musikaren tradizioa xurgatu zuen eta gero garatu zuen bere ibilbidea. Hori bizi izan duten eta bizirik jarraitzen duten bakarrenetakoa da, Buddy Guyrekin eta beste gutxi batzuekin batera. Bluesak bizirik jarraitzen du, baina beste modu batean, ez esentzia horrekin. Bluesman-en belaunaldi hori eta belaunaldi horren musikaren esentzia desagertuko da, eta gauza bera gertatuko da soul musika modu jakin batean egiten zuen belaunaldiarekin, eta abar. Dena ziklikoa da, eta ikusiko dugu nola egokitzen diren musika estilo hauek etorkizunera.
Aipatu behar da, baita ere, legendatzat ikusten diren musikari batzuei ez dituzten merituak ematen zaizkiela: Bob Dylan, The Rolling Stones, The Beatles… Jendeak horrenbeste miresten baditu The Rolling Stones, askoz gehiago miretsi beharko luke Muddy Waters. Aldiz, Muddy Waters askoz jende gutxiagok ezagutzen du, eta bere gitarrista, John Primer, zer esanik ez. The Rolling Stonesek estadioak betetzen ditu, eta John Primerri kostatzen zaio 300 laguneko areto bat betetzea. Niregatik, pertsonalki, ondo, nire jaialdian ikusi dezakedalako, baina ez da justua, garrantzi historikoaren ikuspegitik.
2020an, hastera zihoan egunean bertan utzi zuten bertan behera jaialdia, konfinamenduaren ondorioz. «Ez da Mojo Workin’ gehiagorik izango» esan zenigun orduan.
Momentu horretan, ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten itzuliko ginenik. Denborarekin, ordea, penaz ikusten duzu festibala, ia seme baten modukoa dena niretzat, horren modu tristean eta txarrean bukatzea. Beti pentsatu izan genuen bukatuko zela artista klasikoak ekartzeko aukerak amaitzen zirenean, denak hilda egongo zirelako edo oso-oso gutxi geldituko zirelako. Aldiz, pandemia baten eta gobernuen erabaki batzuen ondorioz bukatu zen. Eta ezin ginen kexatu, noski, zor izugarria bagenuen ere, bazegoelako hiltzen ari zen jendea. Bizpahiru urtez oso gaizki egon nintzen horren guztiaren ondorioz.
Baina beti eduki genuen arantzatxo bat: Mojoa noizbait bukatu behar bazen, behar bezala buka zedila. Aurtengoa izan behar baldin bada azkena, ba, primeran. Ni pozik nago, bukatzen denean bukatzen dela, 2020an baino hobeto bukatuko baita.
Pandemiak ondorioak utzi ditu Mojo Workin’-ean?
Mundua aldatu da, eta jaialdia ere bai, noski. Taldeekin lan egiteko modua esaterako, desberdina da. Horren erakusgarri da, adibidez, iaz Spyder Turnerrekin gertatu zitzaiguna [2017an aritu zen jaialdian, eta 2020an ere abestekoa zen]: dena itxita genuen etortzeko, baina Israelek Gaza inbaditu eta gutxira, deitu zidan eta esan zidan AEBetako Gobernuak gomendatu zuela Europara ez bidaiatzea eta, beraz, beldurrez zegoela. Beldur hori, nire ustez, pandemiaren ondorio bat da. Izan ere, bazirudien inoiz gertatuko ez zen zerbait zela, baina gertatu zen, eta pertsona batzuk modu zeharo desberdinean jokatzen duten egoera batzuen aurrean. Pandemia garaiko beldurren mamu guztiak burura etorri zitzaizkidan eta ez nuen bizitakoa berriz bizi nahi izan: esan nion lasai egoteko, ez niola sinatutako ezer erreklamatuko eta jaialdia beste modu batean antolatuko genuela.
Dabadabako formatuak antz gehiago du lehenengo urteetako Mojo Workin’ jaialdiekin, ezta?
Bai. Big Boy Bloater ekarri genuen urtean, Gazteszena bete ez bagenuen ere, 500 sarrera saltzea lortu genuen eta, horri esker, lehen aldiz, ez genuen dirua galdu. Behingoagatik dirua genuenez, gau batean, bururatu zitzaigun saiatu gintezkeela nazioarteko izarren bat ekartzen. Eta orduan hartu zuen beste dimentsio hori, ia kasualitatez eta nahigabe.
Kasualitateak zer diren: Gino Washington Valentzian jotzekoa zen garai hartan, baina bertan behera gelditu zen eta Melvin Davisek jo zuen. Mojoa nirekin antolatzen zuen Jokin Arizmendik eta biok han topo egin genuen eta elkarrekin ikusi genuen kontzertua. Horren harira, berarekin harremanetan jarri ginen jaialdira ekartzeko, baina hilabeteak pasatu zituen erantzun gabe. Norbaitek proposatu zidan Lazy Lester ekartzeko, nahiz eta nik uste nuen hilda zegoela. Erdi lotuta genuenean, Melvinek erantzun zigun eta, azkenean, biak ekarri genituen.
Musika beltza da jaialdiaren oinarria. Nondik datorkizu zuri zaletasuna?
Punko da nire ezizena, hain zuzen ere, punk zale amorratua nintzelako nerabezaroan: Eskorbuto, The Clash eta Sex Pistols oso gustuko nituen. Ordea, garai hartan punka entzuten zuen jende askori gertatu zitzaiona gertatu zitzaidan: bat-batean, zure eskuetara iristen da Decibeliosen disko bat, non ska bertsio bat egiten duten. Ska revival mugimenduan murgiltzen zara, The Specials eta Madness taldeak edo Kortatuk egindako The Maytalsen bertsioak entzuten dituzu, horren jatorria aztertzen hasten zara eta ska jamaikarrera iristen zara. Horrela, gogoan dut Prince Busterren disko bat iritsi zela nire eskuetara, Otis Reddingen hainbat bertsio zituena. Abesti horiek bilatzen hasi nintzen, eta, hari horretatik tiraka, soul musikan murgildu nintzen eta, sakonduz, soulak bluesera eraman ninduen. Egun, bluesa da gehien gustatzen zaidana.
«Beti defendatu dugu Mojoan ongietorria dela musika beltza gustuko duen oro»
Musika estilo horien eszena bat zegoen Donostian garai hartan?
Baldin bazegoen, guk ez genuen ezagutzen. Gu Ttak! ska talde donostiarraren inguruan mugitzen ginen, Eiger tabernaren moduko lekuetara joaten ginen eta, urteak bete eta diru pixka bat edukitzen hasi ginenean, tarteka, hasi ginen Donostiatik kanpo kontzertuak ikustera joaten. Badakit ordurako Paul San Martin eta beste musikari donostiar batzuk bluesa egiten ari zirela hemen, baina guk ez genituen ezagutzen.
Eszena bera, nahiko aldakorra da. Mojoaren lehenengo urteetan, esaterako, estatuko mod eta skinhead ugari etortzen ziren, baita Ingalaterrakoak eta Estatu Batuetakoak ere; hori, aldiz, aldatzen joan da.
Jaialdia ‘mod’ gisa definitu izan da Mojo Workin’-a askotan. Hala da?
Ez, eta ni ere ez naiz mod bat. Etiketa hori jarri izan digute, eta Jokinek eta biok eztabaidak izan genituen askotan horren harira jendearekin. Guk beti defendatu dugu Mojoan ongietorria dela musika beltza gustuko duen oro.
Eta egon da jaialdi mod bat bere horretan izatea eskatu digun jendea; batzuk kexatzen ziren, «zibil» asko zetozelako. Gu beti saiatu izan gara azaltzen, The Contours ikusi nahi badituzu zure hirian [2017an jo zuten], ezin direla ekarri espresuki zure 25 lagun mod-ek ikus ditzaten. Ez daude Gazteszena beteko duten 700 mod.
«The Contours ikusi nahi badituzu zure hirian, ezin dira ekarri espresuki zure 25 lagun ‘mod’-ek ikus ditzaten. Ez daude Gazteszena beteko duten 700 ‘mod’»
Binilo zalea zara eta biniloekin aritzen zara DJ lanetan. Nola aldatu da musika kontsumitzeko modua?
Izugarri. Aldaketa agerikoena da deskarga digitalei eta plataformetako kontsumoari dagokiona. Baina, bildumazaleen eta binilo kontsumitzaileen munduan ere aldaketak izan dira, inoiz baino berrargitarapen eta kopia pirata gehiago baitaude orain, eta, lehen, hori oso gaizki ikusita zegoen bildumazaleon artean.
Ni binilo bilduma egiten hasi nintzenean, musika estilo jakin bateko edo batzuetako diskoak erosten genituenak bildumazaleak ginen, ez DJ-ak. Gerora, bilduma zabal bat zeneukanean, leku batzuetan pintxatzeko aukerak ateratzen zitzaizkizun. Orain, berrargitarapenekin, kopia piratekin eta denda fisikoetara joan gabe edozein disko erosi ahal izatearekin, badago jende asko lehenengo DJ-a dena eta gero, akaso, bildumazaleak. Ni bildumazalea naiz DJ-a baino lehenago, oraindik ere, gehien gustatzen zaidan gauzetako bat baita munduko edozein hiritan nagoenean, disko denda bat aurkitu eta bertan diskoak bilatzea, disko bereziren bat lortzeko.
Fanzineak ere egin izan dituzu.
Segur aski, punkaren mundutik natorrelako erakarri naute beti fanzineek. Egia da, ordea, musikan, fanzineak asko galdu direla. Lehen, gertatzen ari zenaren berri izateko modua ziren, nahiz eta batzuetan frustragarria zen, berandu iristen zitzaizkizulako fanzineak eta, adibidez, fanzine batek Bad Mannersek Espainiako Estatuan egin behar zuen birari buruz hitz egiten bazuen, askotan, irakurtzen zenuenerako, bira bukatuta egoten zen.

Arkaitz Kortabitarte ‘Punko’ Mojo Workin’ jaialdiko antolatzailea, Art Cafe tabernan egindako elkarrizketan.Beñat Parra
Zer etorkizun daukate musika beltzak eta Mojo Workin’-ak?
Gutxi, esango nuke, ez dagoelako belaunaldi erreleborik. Jaialdira etortzen diren 30 urtetik beherakoak salbuespena dira. Galdera da zenbat tardatuko duen honek guztiak desagertzen edo egun baino askoz hondarrekoagoa izaten, baina joera hori dela esango nuke. Aldi berean, ordea, pentsatu daiteke ez dela guztiz desagertuko: musika klasikoa ez da desagertu.
Mojo Workin’-eko istorioei eta bizipenei buruzko bi liburu argitaratu dituzu urteotan. Hirugarrena iritsiko da noizbait?
Espero dut! Oso geldirik daukat gaia, baina materiala badaukat. Aurten ere badaukat asmoa John Primerrekin eta Keith & Texekin esertzeko eta elkarrizketa moduko batzuk egiteko, hori gorde eta noizbait zerbait egiteko.
Urte izugarriak izan ziren Gazteszenakoak; musikari mitiko asko eta asko ikusteko aukera izan genuen.
Estresetik eta buruhausteetatik harago, oso oroitzapen ona daukat, bai. The Contoursen kontzertua, esaterako, izugarria izan zen; bideoren bat ikusten dudan bakoitzean, malko bat ateratzen zait. Bitxikeria gisa, gainera, nire bikotekidea kontzertu horren harira ezagutu nuen!

Hamabost urte pasatu dira Mojo Workin’ jaialdia jaio zenetik, baina ez da hamabost aldiz egin. Izan ere, 2020an, martxoaren 14an ezarri zuten konfinamendua eta 13an zen hastekoa. Horregatik, bertan behera utzi zuten, eta ez zuten 2024ra arte berreskuratu. Gaur hasiko dena barne, beraz, hamabi aldiz antolatu dute jaialdia, zaleen artean une gogoangarriak utzita.
2010ekoa izan zen lehenengoa: Bukowskin eta Dokan egin zuten, The Hurly Burlies eta The Del Shapiros taldeekin. Hurrengo urtean, Mogambora joan ziren, eta Lord Rochesterrek eta The Flamin Guaysek jo zuten. 2012an, estreinakoz, Gazteszenan egin zituzten kontzertuak eta nazioarteko izar bat ekarri zuten, Big Boy Bloater, Blas Picon katalanarekin batera.
Hortik aurrera, soul eta blues musikari historikoak ekarri zituzten urtero Gazteszenara: Melvin Davis eta Lazy Lester 2013an; Baby Washington, Melvin Davis, Kim Weston eta Billy Boy Arnold 2014an; Mable John, Dee Dee Sharp, Maxine Brown eta The Velvelettes 2015ean; Mitch Ryder, The Flirtations, Darrow Fletcher eta Billy Prince 2016an; Betty Harris, Spyder Turner, The Contours eta Brenda Holloway 2017an; LaLa Brooks, Vandellas, Spencer Wiggins eta Jerry Williams 2018an eta The Cookies, The Dixie Cups, Winfield Parker eta Thelma Jones 2019an.
2020an, bi aldiz kartela aldatu behar izan ostean, Carolyn Crawford, Spyder Turner, Chris Clark eta Ruby Andrews ziren jotzekoak. 2024ko jaialdi berreskuratua Dabadaban izan zen, Guadalupe Plata, The Tibbs, Flamingo Tours eta Rambalaya taldeekin.
Aurten, The Magnetophones eta Keith & Tex arituko dira gaur Dabadaban eta Micky & The Buzz eta John Primer bihar; DJ saioak Bukowskin izango dira. Disfrutatzeko aukerarik ez da faltatuko.