«Itsasoa hemen bertan dugu eta itsasoaz ezagutzeko asko dugu oraindik»
Itsasoaren inguruko istorioak ikuspuntu feminista eta ekologista batetik lantzen dituen podcasta da 'Mare', eta Ondas podcast sarietara bi izendapen jaso zituzten: hizkuntza koofizialen sailean eta sail esperimentalean. Azken horretan garaile atera dira Maider Uriarte Doiz (Altza, 1997) eta Inko Martin Manzisidor (Amara, 1979) egile donostiarrak eta egoera «surrealista» dela aitortu dute. Saria uztailaren 9an jasoko dute, Madrilen.

Zer sentitu zenuten jakitean Ondas podcast sarietako izendapenak jaso zenituztenean?
Maider Uriarte (M.U.): Harridura. Lan eta pertsona asko aurkezten dira horrelako sarietara eta ez duzu uste zure lanak izendapenik jasoko duenik, lan horien guztien artean. Denbora bat behar izan dut konturatzeko izendapenak zer garratzi duen, eta naturalizatu ahal izateko. Lan oso indartsuak daude eta horiekin lehian egoteak urduritasuna sortzen du.
Inko Martin (I.M.): Harridura eta ilusioa. Izendapenekin ere gure lanak nolabait aitortza bat jasotzen du, eta hori oso pozgarria da.
Eta Ondas podcast sariko irabazleak zaretela jakitean?
M.U.: Niretzat, sinesgaitza da. Oraindik hodei batean nago. Irabazleak iragartzen zituzten saioa zuzenean entzun nuen,eta garrasi egin nuen irabazleak ginela jakitean. Hunkitu egin nintzen.
I.M.: Ni oraindik ez naiz batere kontziente. Sari hauek nire bizi osoan zehar entzuten egon naizen sariak dira, eta ez dakit nola azaldu sentitzen dudana, surrealista da.
Amets bat bete duzue?
M.U: Bai. Irrati munduan edonork nahi du sari hau jaso. Gainera, pentsatzen jarriz gero, atzean dagoen lan eta esfortzu guztia aitortu digute. Inkok esan duen moduan, surrealista da.
I.M: Nik lan asko egin dut irratian, eta beti pentsatu izan dut zer ona izango zen Ondas sari bat jasotzea. Orain uste dut egun batzuk beharko ditudala hau guztia onartzeko.
«Podcastak hain gutxi irauteak edozein adineko pertsonak erakartzeko balio duela uste dugu»
Maider Uriarte, ‘Mare’ podcastaren egilea
Zerk egiten du ‘Mare’ hain berezia?
M.U: Sorkuntza hain apala izan zuen zerbait hain handi bihurtu daitekeela. Proiektua beka bati esker sortu zen, eta oso artisaua izan da. Gaiekin asmatu dugula uste dut. Itsas dibulgazioaz hitz egiten dugu, euskal itsas ondareaz, nola kontatzen dugun… horrek guztiak egiten du erakargarri Mare. Atalak entzuten ari den pertsona gai bakoitzean murgiltzea lortu nahi dugu. Gloria Hollisterren atalean, adibidez, batiskafo batean murgildu nahi dugu entzulea.
I.M: Esan daiteke aurrekontu falta sormenarekin ordeztu dugula. Gure lehia ekoiztetxe edo hedabide handien kontra izaten ari da, eta guk ez ditugu izan proiektu horiek eduki dituzten baliabideak. Hala ere, kontatzeko moduak ere garrantzia du. Ez dugu gehiegi sakontzen azaltzen ari garen gaian, baina gaira barneratzeko dugun gaitasuna oso originala da. Alde artistikoa eta dibulgatzailea uztartu ditugu.

Ondas sari bat irabazi berri dute Inko Martinek eta Maider Uriartek, ‘Mare’ podcastarengatik.Asier Gonzalez de San Pedro
Podcast dibulgatzailea izanik, zergatik irauten dute hain gutxi atalek?
M.U: Entzuleengan pentsatu dugu. Gaur egun, podcastak edo musika bera ere motzagoak dira, eta jendeak gero eta pazientzia gutxiago du. Nahiz eta podcastak beste gauza batzuk egiten ari zaren bitartean jar ditzakezun, atentzio minimo bat eskatzen dute, eta hain gutxi irauteak edozein adineko pertsonak erakartzeko balio duela uste dugu.
I.M: Gaiak landuta daude, baina ez gara oso sakon sartzen. Mare bazkalaurreko aperitiboa izan daitekeela uste dugu; hau da, guk informazioa eskaintzen dugu eta interesa duenak gero bere kabuz sakondu dezala gaian. Gainera, esperimentala denez, hogei minutuko luzerakoa eginez gero, aukera asko dago entzuleek podcast guztia ez entzuteko. Horregatik egin ditugu hain motzak.
«Ozeanoen garrantziaz ere sentsibilizatu nahi genituen entzuleak, horrela haiek ere jabetzeko zer garrantzi duten»
Inko Martin, ‘Mare’ podcastaren egilea
‘Mare’-n itsasoaren inguruko gaiak jorratzen dituzue. Zein erlazio duzue zuek itsasoarekin?
M.U: Biak donostiarrak izanik itsasotik gertu jaio gara eta itsasoarekin lotura duen jende asko ezagutzen dugu. Gainera, gai dibulgatzaileez mintzo garenean, orokorrean, espaziora jotzen dugu, baina itsasoa hemen bertan dugu eta itsasoaz ezagutzeko asko dugu oraindik.
I.M: Itsasoaren inguruko literatura asko dago, eta niri asko gustatzen zait ozeanoaren inguruan irakurtzea. Konturatu nintzen gauza asko ez nekizkiela itsasoaren inguruan edo itsasoarekin lotura zuten istorio asko ez nituela erlazionatzen. Ozeanoen garrantziaz ere sentsibilizatu nahi genituen entzuleak eta horrela haiek ere jabetzeko zer garrantzi duten.
Etorkizunean zer? Bigarren denboraldia prestatzeaz hitz egin duzue?
M.U: Ez dugu hitz egin, baina oraindik istorioak kontatzeko daudela uste dugu. Proiektu hau beka bati esker jaio zen, eta interesa duenak ekonomikoki apustu bat egin behar duela uste dugu. Ia ez zaio garrantzirik ematen horrelako lan artistikoei, eta profesionaltasun asko eta esfortzu asko dago atzetik.
I.M: Bigarren denboraldi bat egin ahal izateko, babesle bat beharko genuke, baina lehen denboraldia egin genuenean bila ibili ginen eta ez genuen lortu. Lortuz gero, egin daitekeen zerbait da.