Kopa ere altxatu nahi dute
Txuri Urdineko neskek Espainiako Kopako azken fasea jokatuko dute asteburuan Puigcerdan. Finalerdietan, Jaca gainditu beharko dute finalera iristeko.

Aurreko asteburuan liga irabazi ondoren, Txuri Urdineko nesken izotz hockey taldeak kopa ere eskuratu nahi du. Espainiako Kopako azken fasea asteburuan jokatuko da, Puigcerdan (Herrialde Katalanak). Finalerdietan, Jacaren aurka ariko dira donostiarrak, bihar, 16:00etan. Partida irabazten duenak jokatuko du finala, etzi, 13:30ean. Beste finalerdian, Puigcerda etxeko taldeak eta Majadahondak neurtuko dituzte indarrak. Txuri Urdineko mutilek ere kopa dute zain. Final-laurdenetan Huarte nafarren kontra jokatuko dute etzi, 14:30ean. Ligan baino hobeto moldatu beharko dute aurrera egiteko.
Belar hockeyan, Reala Poloren aurka ariko da etzi, 12:00etan. Itzulera eta gero, partida bat irabazi eta beste bat berdindu dute, eta orain beste garaipen baten bila aterako dira Zubietako berdegunera. Polo sailkapeneko bigarren postuan dago, baina donostiarrak gogor borrokatuko dute zaleen aurrean hiru puntuak lortzeko.
Eskubaloian, Bera Berak Europa ligako final-laurdenetako joanekoa jokatuko du etzi, Gaska kiroldegian (18:00). HSG Blomberg-Lippe alemaniarrak izango dituzte aurrez aurre. Indartsu dabiltza eta jokalari esanguratsuak dituzte. Hala nola, Ona Vegue, Nieke Kuhne eta Laetitia Quist. Itzulerako neurketa martxoaren 30ean izango da, Alemanian.
Futbolean, Realeko emakumezkoen taldea berriro ere etxean arituko da zaleen aurrean. Asteburuko porrot gogorra atzean utzi nahian, Atletico Madrilen aurka lehiatuko dira indarberrituta eta garaipena lortzeko gogoz. Partida zaila izango da, baina taldeak babesa sentituko du Zubietako harmailetatik.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek Zamoraren aurka jokatuko du hurrengo partida, sailkapenean donostiarrak baino postu bat gorago dagoen taldea. Lehia estua espero da, baina baita ikusgarria ere.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen Espainiako kopa, finalerdiak
- Txuri Urdin – Jaca (bihar, larunbata, 16:00)
Gizonezkoen Espainiako kopa, final-laurdenak
- Txuri Urdin – Huarte (etzi, igandea, 14:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 14. jardunaldia
- Reala – Polo (etzi, igandea, 12:00)
Eskubaloia
Europako liga, final-laurdenetako joanekoa
- Bera Bera – HSG Blomberg Lippe (etzi, igandea, 18:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Reala – Atletico Madril (etzi, igandea, 16:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 26. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Zamora (etzi, igandea, 18:00)