Kultura, artea, basakeria

TARDES DE SOLEDAD
Zuzendaria: Albert Serra · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia – Frantzia – Portugal
Argiak itzaltzearekin batera, eztanda egingo digu buruak. Zezen baten hilketa. Beste bat, gero berriro, eta horrela bi ordu luzez. Albert Serra ez da bereziki zinemagile diskretua, polemika maite du, horren bila ez badabil ere. Tardes de Soledad filmarekin lehiatu zen iragan irailean Donostia Zinemaldian, eta Urrezko Maskorra irabazita, kostata, zinemagile kataluniarraren obra deseroso eta ‘desatsegina’ iritsi da zinema areto komertzialetara. Aurretik, ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko Beautiful Docs sailean erakutsi dute baita ere.
Tauromakia ez da gai erraz bat. Serrak berau jorratzeko bidea ezta ere. Bere gainerako filmekin erabat sinergian dago eszenaratzeari dagokionez, zalantzarik ez, zinemaren baliabideen gaineko hausnarketa linguistikoa planteatuko baitu. Zezenak, toreroak, odola, performancea, biolentzia… kataluniarrarentzako aitzakia dira, gustatu ala ez. Inoiz ikusi gabekoa erakutsiko du sortzaileak, barru-barrutik; erromantizazioa saihestea ia ezinezkoa egingo zaio, baina ez ditu zezenketak goratuko.
Kamera baliatuz, giza begiak ikusten ez duena bilatu du Serrak; zinema tresna egokia du horretarako. Aurreikusitako gidoi itxirik gabe, filmaketa orduak pilatu, eta muntaketa gelan eman die forma atmosfera, erritual, begirada gurutzatu eta toreroen arteko sinergiari. Andres Roca Rey eta haren kuadrilla ezagutuko ditugu, mundu ‘fantastiko’ batean murgilduta, eta unean sortutako zorizko momentuak, inpultsoak, posibilitateak dira bihotza.
Adierazkortasunaren edertasunean jarri du fokua sortzaileak. Zinemaren zerbitzura, eta ez tauromakiarenera. Zezenketetan ezkutatutako mikrofonoekin, eta gerora eraikitako soinu paisaia batere errealistarekin, kamera mugimendu eta angelu bortitzekin praktika errepikakorra guztiz abstraktu bihurtuko du.
Ulerkorra da Tardes de Soledad ikusteko nagia, eragin dezakeen nazka eta gorrotoa, baina argi izan behar dugu zeren aurrean gauden. Donostia Zinemaldian filma aurkeztu zenean, bateko zein besteko aurreiritziek pelikula arbuiatu eta Serra bera gaitzetsi nahi izan zuten, (kritikari) askok berau ez ikusteko hautua ere hartuz. Baina… gaia gustuko ez dugulako erabaki dezakegu boikota egingo diogula? Bat al dator lan eta betebehar profesionalarekin? Etikoa eta morala al da filma ukatzea?
Hausnarketarako leihoa irekita dago, eta bere intentzioa izan ez bada ere, Serrak horretara bultzatu gaitu. Zinemagilearen zintzotasuna errespetatzea eta filma bere horretan defendatzea (ez ideologikoki, baizik eta artistikoki) litzateke kazetari eta kritikarion betebeharra, pelikula ikusi, testuinguratu eta aztertzea. Zuek, egin nahi duzuena.