Manteon zegoen migratutako pertsonen kokaleku bat hustu dute
Udaleko LABeko atal sindikalak salatu du Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Borja Corominasek sare sozialetan kokalekuaren berri eman ondoren esku hartu zutela.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Manteo inguruan zegoen migratutako pertsonen kokaleku bat hustu zuten atzo. Horri erantzunez, Donostiako Udaleko LABeko Atal Sindikalak ohar batean gaitzetsi du Udaltzaingoa “helburu alderdikoiekin” erabiltzea eta erabilera horren oinarrian dauden “jarrera xenofobo eta arrazistak” salatu ditu. Izan ere, esku hartzea PPko zinegotzi Borja Corominasek sare sozialetan kokalekuaren berri eman eta halakoak husteko beharra adierazi ondoren gertatu zen.
LABeko atal sindikalaren ustez, Corominasen “jardun zinematografikoak” bultzatu zuen Segurtasun zinegotzi Martin Ibabe husteko agindua ematera.“Bestela esanda, kalean bizi behar izateak dakarren drama humanoa alderdikeriaz erabiltzen ari dira”. Alderdi popularreko kideak bere bideoan galdetzen du nola den posible Donostian jendea horrela bizitzea eta “inplizituki eskatzen zion udal gobernuari irtenbide bat bilatzeko”. Egoera konpontzeko bi modu besterik ez daudela nabarmendu dute langileen ordezkariek, bata, Gizarte Arloan aurrekontua handituz, eta bestea, botatzea; hortaz, “ziurtzat” jotzen dute Corominas pozik egongo dela EAJk egindako aukerarekin, eta hala ez bada, gizarteratzeko helburu sozialekin aurrekontua handitzea babesten duela esan dezala eskatu diote. EAJri dagokionean, aldiz, bere jarrerak ez ditu “ustekabean hartu”, aurrez ere PPren adierazpen publikoen ondoren haien esandako ildotik jokatu izan duelako, esaterako, Egian kaleko afari solidarioak debekatuz. Horren zergatiari dagokionan, “litekeena da bi alderdiak bat etortzea jarraitu beharreko jarduera ildoetan”.
Atal sindikalak duen informazioaren arabera, Manteon hilabete asko zeramatzan kokalekuak, eta bertan, ez dute “inolako arazorik atzeman, ez segurtasunean ez osasungarritasunean, espazioa garbi zegoelako eta bertan bizi ziren pertsonek portaera egokia zutelako”. Gainera, ikusten ez zen leku batean zegoen eta bertan bizi zirenek ez zuten auzotarrekin inolako gatazkarik. “Kalean bizitzera behartuta” zeuden pertsona batzuen bizilekua zen, izan ere, egoiliar guztiak SMUS udal zerbitzuaren (Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua) erabiltzaileak dira, eta udal-erroldan, Osakidetzan eta Helduen Hezkuntzan alta emanda daude, eta bertara joaten dira egunero eskolara.
Tratu duina merezi duten pertsonak izateaz gain,”erakundeak herritarrak babesteko daudela” gogoratu du LABek, eta gaitzespenaz gain, halako egoeren aurrean zenbait eskaera egin ditu: Edozein hustuketa egiten bada, “printzipio humanitario minimo” batzuk jarraituta eta herritar horiekiko “zuzen eta errespetuz” jokatuta izan dadila, behar besteko aurrerapenez jakinaraztea, beren gauzak jaso eta etorkizun hurbila planifikatzea izan dezaten, beren gauzak ez errekisatzea, “kanpadendak barne, haien etxebizitzak baitira”. “Azken batean, etxetik botatzea zein ankerra den kontuan hartuta, pertsona giza tratatzea”.