Ordubeteko itzalaldia, klima aldaketaren eraginaz jabetzeko
Planetaren Orduarekin bat egingo du Donostiako Udalak, bihar, hilak 22, 20:30etatik 21:30era bitartean zenbait eraikinen argiak itzaliz.

Planetaren Orduarekin bat egingo du Donostiak beste behin. Mundu osoko hiriek ordubetez itzaliko dituzte beren argiak, keinu sinboliko gisa, klima aldaketaren eraginaz eta bioaniztasuna babesteko beharraz kontzientziatzeko. Hala, bihar, hilak 22, besteak beste, Miramar jauregia, Artzain Ona, Kursaal, Kontxako badia, Santa Klara uhartea, Urgull mendia eta hainbat eliza ilunpean utziko dituzte, 20:30etik 21:30era bitartean.
Ekologia zinegotzi Iñigo Garciak nabarmendu du, “itzalaldi hutsa baino gehiago da. Aukera bat da ingurumenean dugun eraginari buruz hausnartzeko eta egunerokoan ohitura iraunkorrak sustatzeko”. Horregatik, herritarrak gonbidatu ditu egitasmoan parte hartzera, etxebizitzetako argiak itzaliz eta energia-kontsumoa murriztuz. Baita egunerokoan jardunbide iraunkorrak izatera ere, ” behar den energia bakarrik kontsumituz eta energia-efizientzia sustatuz”.
2007an Sidneyn (Australia) sortu zenetik, munduko ingurumen mugimendu handienetakoa bilakatu da Planetaren Ordua. Gaur egun, milioika pertsonak parte hartzen dute 200 herrialdetan baino gehiagotan,milaka enpresa eta erakunderekin batera. Keinu sinboliko hori energia efizientzia, energia berriztagarriak eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko ahalegin handiagoaren parte da.