«Zikira ez gaitzaten, zirikatu beharra dago»
Hogei urte bete ditu aurten IRUTXULOKO HITZAk, eta 30 urte bete ziren iaz 'Irutxulo' jaio zenetik. Historia horren zati handi bat Iñaki Martiarena 'Mattin' sortzailearekin (Antigua, 1967) batera egin dugu, eta, batez ere, Moko eta Karmele pertsonaia maitatuekin.

Noiz hasi zinen kolaboratzen 1990eko hamarkadako ‘Irutxulo’ astekarian?
Sortu zenean. Irutxulo-koek proposatu zidaten umorezko tira bat egitea. Ordurako Argia-n lanean ari nintzen, eta Euskaldunon Egunkaria-n. 1993an sortu zen egunkaria, eta urtebete geroago Irutxulo. Jakin bazekiten, beraz, nire lana nolakoa zen.
Gogoan duzu nolakoak izan ziren lehendabiziko umorezko tirak?
Urgentziazko lan bat zen. Arnas estuko emaitza zen tira hori egitea. Erronka ere bazen, helburua zelako zirikatzea eta entretenitzea, umorearekin. Garai hartan, euskararen iruditeri bat sortzen ari ginen, eta hor ikusten nuen neure burua. Herri mugimenduari oso lotuta nenbilen, euskalgintza herri mugimenduaren parte zelako.
Irutxulo-ko tira errotulagailuarekin eta paperean egiten nuen, zuri-beltzean. Aldiz, IRUTXULOKO HITZA sortu zenean, Photoshop erabilita marrazten nuen, eta koloretan. Sekulako jauzia izan zen.
‘Irutxulo’-ren hasieran, Moko eta Karmele ziren zure umorezko tiraren protagonistak?
Ez, soilik Moko. Inork esan gabe, bi pertsona izatea aberatsagoa zela konturatu nintzen. Nire ustez, elkarrizketek komikiak aberasten dituzte, eta bi pertsonaiekin errazagoa da elkarrizketak sortzea.
Egunotan, egindako umorezko tirei begira ibili naiz, eta Bonnie and Clyde etorri zaizkit burura, baina txintxoagoak. Mokoren pertsonaiari dagokionez, Indalezio Bizkarrondo Bilintx ikurtzat har genezake. Bera hila zegoenez gero, banuen zernahi egiteko aukera. Karmeleren pertsonaiak, berriz, Karmengo jaiekin du lotura. Horregatik jarri nion izen hori.
«Moko eta Karmeleren umorezko tirei begira ibili naiz, eta Bonnie eta Clyde etorri zaizkit burura, baina txintxoagoak»
Astero egiten zenuen tira bat ‘Irutxulo’-rako, eta, ondoren, egunero IRUTXULOKO HITZArako?
Ez, asteroko maiztasuna mantendu nuen Moko eta Karmele bikotearen tirarekin. Orduan, Euskaldunon Egunkaria-n infografia lanak egiten nituen, batez ere. Garai hartan kazetaritza genero hori puri-purian zegoen, hemeroteka ikustea besterik ez dago. Bestalde, argazki gutxi zeudenez, aukera nuen marrazkiak ere egiteko; karikaturak eta ilustrazioak, batez ere. Euskaldunon Egunkaria sortu eta bost urtera, soilik gaurkotasunezko tira bat egiten nuen, eta bost urte eman nituen egunero tirak egiten.
Nolako bilakaera izan zuten Moko eta Karmele pertsonaiek?
Ohiko erantzuna emango dut: irakurleek esan beharko dute. Ez dagokit niri. Egongo da, honezkero, ikerlariren bat ikertu duena. Bitxikeria moduan esango nuke euskaltegi batek erabili izan duela Moko eta Karmele tira klasera eramateko.
Bestalde, izandako bilakaera estetikoagoa dela esango nuke. Kolorea sartzean, binetek bestelako xarma bat hartu zuten. Hori, ordea, ez zen nire eremua. Nire asmoa zen ideiak transmititzea, txisteak sartzea eta abar.
Kolorea aipatuta, adibide bat jarriko dut. Atez atekoaren afera sortu zenean, edukiontzien koloreak bereizteko aukera izan nuen. Edukiontzi horiak, marroiak, berdeak eta urdinak marraztu ahal izan nituen. Beraz, ongietorria izan zen kolorea. Bestalde, Mokok urdin kolorea zeukan, nahiko donostiarra dena.
Atez atekoa aipatuta, esan daiteke zure tirak garaiaren kronika izan zirela?
Bai, dudarik gabe. Oreka bat bilatzen saiatzen nintzen, nire gaurkotasun pertsonalaren eta gizarteko gaurkotasun errealaren artean. Gai batzuk behin eta berriro errepikatzen ziren. Esaterako, Kontxako bidegorriaren auzia. Horrekin tematu nintzen, bidegorri hura egiteko tira-bira sortu zelako, eta hori bera islatu nuen. Bestalde, gogoan dut Kursaaleko kuboekin ere izan zirela buruhausteak. Geroago, ohikoagoak diren gaiak ere jorratu nituen: turismoa, hiriaren eta bizimoduaren garestitzea… Eta, tira, beste batzuk ziren barre egitekoak. Izan ere, entretenitzea era bada hedabideen egitekoa. Euskararen normalizaziorako tresna ere badira.
Garai hartako tira horietan Mattin presente dago marrazkiez harago?
Hau ere irakurleak esan beharko du, baina, bai. Sortzerakoan, beti islatzen dira gure ametsak, asmoak eta, batez ere, ezinak. Garai hartan herrietako hedabideen loraldi bat gertatu zen, eta horien babesean sortu ziren umorezko tira asko. Guretzat ere loraldi baten modukoa izan zen, hedabide bakoitzak tirak egiten zituen marrazkilari bat zuelako.
«Sortzerakoan, beti islatzen dira gure ametsak, asmoak eta, batez ere, ezinak»
Horrelako tira baten ekarpena zenbaterainokoa dela esango zenuke?
Kazetaritza genero bat da, aberasten eta arintzen duena. Letren itsaso horretan, marrazkiek edukia atseginago bihurtzen dute.
Gaur egun, ez daude umorezko tira asko. Nabarmen gutxitu dira azken urteotan?
Bai, generoa galdutzat eman daiteke. Gainbehera nabarmena izan du. Karikaturen antzera. Azken batean, XX. mendeko hondakinak gara gu. Hau dena nire talaiatik diot, baina egungo informazioaren ekosisteman ez dakit zein leku duen umore grafikoak. Titular bat eman beharko banu, zera esango nuke: umore grafikoak errealitatea zirikatzetik, errealitateak umore grafikoa zikiratzea pasatu gara. Zentsura, adierazpen askatasunaren kezka hori, ekonomia… Umore grafikoa zikiratua dago, ez dituelako plaza duinak. Zer esanik ez euskarazko umore grafikoak. Sare sozialetan argitaratu ditzakezu, baina… Zikira ez gaitzaten, zirikatu beharra dago.

‘Irutxulo’-ren 213. zenbakian aldatu zuen Mattinek bere tiraren izena, ‘Moko eta Karmele’ izatera pasatuz.Mattin

‘Irutxulo’-ren 213. zenbakian aldatu zuen Mattinek bere tiraren izena, ‘Moko eta Karmele’ izatera pasatuz. Hurrengo alean, 214.ean (1999-03-05), Karmele izan zen tirako protagonista.Mattin
IRUTXULOKO HITZAn kolaboratzeari utzi ondoren, jarraitu duzu hedabidea?
Bai. Etxekoen zaintzagatik utzi behar izan nuen kolaborazioa. Horregatik utzi nuen kazetaritza. Gerora, urte askoan, soilik irakurle gisa aritu naiz. Gaur egun, besteak beste, IRUTXULOKO HITZAren iritzien atala irakurtzen dut. Bestalde, etxekoak zaintzen ari nintzela, poesia lantzen hasi nintzen, eta literaturara jo nuen.
Hogei urteotan IRUTXULOKO HITZAk izandako bilakaera nolakoa izan dela uste duzu?
Galdera potoloa da, baina esango nuke harro egoteko modukoa dela IRUTXULOKO HITZA. Eta, noski, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da. Horrez gain, komunitatea saretzeko tresna behar du izan.
Tokiko kazetaritzak zer nolako garrantzia dauka?
Erabatekoa. Gertutasuna eskaintzen du, eta baita sinesgarritasuna ere. Tokiko kazetaritzak heldulekuak eskaintzen dizkio irakurleari, eta, horrela, komunitate bat sendotzen laguntzen du. Izan ere, helduleku sendoak behar ditugu informatzerako orduan.
«Tokiko kazetaritzak heldulekuak eskaintzen dizkio irakurleari, eta, horrela, komunitate bat sendotzen laguntzen du»
Zein proiektu dituzu orain esku artean?
Zuhaitz baten modukoa naiz, eta adar desberdinak ditut. Adar bat litzateke euskaraz eskaintzen ditudan sorkuntza tailerrak. Donostiako Euskara Sailak babesten duen Arkaltza egitasmoa aipatuko nuke. Era berean, dagoeneko lau bat urte daramatzat kamishibai tailerrak egiten. Euskararen normalizaziorako tresna izateaz gain, sorkuntzarako bultzada bat da. Pospolo lanak egiten ditut, pizgarri bat naiz. Ikaragarrizko beharra dago, batez ere, neska-mutilek behar dituztelako adierazi beraien emozioak, behar dituzte arnasguneak, behar dute aintzat hartzea… eta, nire bitartez, aukera ematen diet beraiek marraztu ahal izateko.
Bestalde, baditut beste adar batzuk, arnas luzeagokoak. Ilustrazio lanak egiten nabil, eta komikigintzan ere banabil. Noski, Belardo pertsonaia aipatu gabe ezin dut utzi, jeloskor jarriko delako. Urteak daramatzat hura ere marrazten, eta, tarteka, umorezko tirak egiten ditut.

Irutxuloko Hitzaren 15. urteurreneko materiala egiteko marrazkietako bat Mattinek egin zuen.Mikel Elkoroberezibar Beloki
Beraz, sortzeko grina mantentzen duzu?
Isiluneak ere izaten ditut, eta nahita egin izan ditut. Horrela ere, sortzen ari naiz, eta sortzen jarraitzen dut. Beste kontu bat da sorturiko guztia argitaratuko ote dudan.
Egia da ere dagoen kutsadura bisualak kezkatzen nauela. Esan nahi dudana da, kutsadura bisual horren ondorioz, begiak nekatuta dauzkagula. Ondorioz, ez dakigu bereizten eskuekin egindako lanak eta makinek egindakoak. Besteak beste, sare sozialek ekarri digute neke hori.
IRUTXULOKO HITZAtik, esker oneko hitzak besterik ez ditugu Mattinentzat. Ezinbestekoa dugu komunitatearen babesa eta parte hartzea, eta Mattinek, Moko eta Karmele pertsonaien bidez, hobeak izaten lagundu gaitu urte luzez; garaiaren kronika egiten lagundu digu. Bejondeizula, Mattin! Urte askoan!