Anoeta 2030eko Munduko Kopako egoitzetako bat izateko puntuazioak aldatu zituen federazioak
'El Mundo' egunkariaren arabera, 48 orduko epean Donostiako futbol zelaiaren balorazioa aldatu zuen hautaturiko egoitzetako bat izateko.

Espainiak, Portugalek eta Marokok elkarrekin antolatuko duten 2030eko Munduko Kopako behin betiko egoitzen izendapena kolokan jarri dute. Hain zuzen ere, El Mundo egunkariak gaur argitaratu duen informazioaren harira, Espainiako futbol federazioak egoitzen puntuazioa aldatu zuen Anoetako hautagaitza bultzatzeko, Vigoko Balaidos zelaiaren kaltetan.
Hedabide horren aranera, federazioak Anoetari emandako puntuazioa aldatu zuen 48 orduko epean. Hasiera batean, zerrendan hamabigarren tokian zegoen Donostiako estadioa, baina aldaketari esker, hamaikagarren lekuan geratu zen. Zehazki, puntuazio onena zuten hamaika futbol zelaiak izango dira Munduko Kopako egoitzak.
2024ko ekainaren 25eko txosten batek 10,2004 puntu eman zizkion Balaidosi eta 10,1226 puntu Anoetari. Aldiz, 48 ordu geroago, beste txosten batek 10,6026 eman zion Anoetari, eta Balaidosen puntuazioa mantendu zuen. Egunkariak aipatutako federazioaren iturrien arabera, aldaketaren arrazoia izan zen “irizpide objektibo batzuk (balorazioa egiteko) FIFAk ezarritakoaren arabera findu zirela”.
Kritika, sare sozialetan
Bizilagunekin plataformak El Mundo-k argitaratutako albistearen inguruko kritika plazaratu du sare sozialetan: “Badirudi baten batek interes berezia duela Donostia 2030eko Futbol Mundialaren egoitza izateko, baldintza egokiak ez eman arren eta herritarrentzat turistifikazioaren kalteak handitzea aurreikusi arren. Noren negozioaren alde gobernatzen da gure hiria?”.
Badirudi baten batek interes berezia duela #Donostia 20230eko Futbol Mundialaren egoitza izateko, baldintza egokiak ez eman arren eta herritarrentzat turistifikazioaren kalteak handitzea aurreikusi arren.
— BiziLagunEkin (@BiziLagunEkin) March 24, 2025
Noren negozioaren alde gobernatzen da gure hiria?https://t.co/cYjO3CpCkc https://t.co/pkdIdyg63F