«Berandu dator, baina ongietorria da, nahiz eta mina itxi behar dugun oraindik»
Rosa Zarraren senideek jaso dute Eusko Jaurlaritzaren txostena, non aitortzen den donostiarra Ertzaintzaren pilotakadaren ondorioz hil zela.

Rosa Zarra donostiarraren sendiak (Rosi, gertukoentzat) astelehen arratsaldean jaso du Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak hari buruz ondutako txostena, Andia kaleko ordezkaritzan. Ostiralean argitaratu zen albistea: batzordeak ebatzi zuen Zarra Ertzaintzaren pilotakadaren ondorioz hil zela eta ez, 30 urteotan bertsio ofizialak mantendu duen moduan, arrazoi naturalengatik. Egia hori jasotzen duen txostena entregatu die Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak bileran. Aurretik, gauza bera egin du sailburuak Pasaiako sarraskiko biktimen senideekin.
Bileratik ateratzean, hunkituta, Maider Irazusta Zarrak, Rosa Zarraren alabak hartu du hitza. “Pozik” agertu da, nahiz eta une horretan oraindik ez zeukan txostena osorik irakurrita: “Uste genuen nolabaiteko laburpena egingo zigutela beraiek, baina ez da hala izan. Entzun gaituzte eta zenbait kritika egin ditugu. Orain, denbora hartuko dugu irakurtzeko eta egingo dugu balorazio osoago bat”.

Rosa Zarraren senideak, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan zuten bilerara sartzear zeudenean.Beñat Parra
Ildo beretik jo du Idoia ahizpak, eta nabarmendu du aitortza “ongietorria” dela, nahiz eta “berandu” iritsi: “Denbora guztian guk hitz egin dugu bileran eta kritikatxoak ere jaso ditu sailburuak. Lasaigarria izan da, hori bai. Gauza batzuk lantzeko gelditzen dira, hala ere. Berandu dator, baina ongietorria da, nahiz eta mina itxi behar dugun oraindik”.
Dani Goñi Irazusta iloba ere “alde batetik pozik” agertu da aitortzarengatik, baina, bestetik, salatu du txostenak ez jasotzea urteotan guztiotan iraunarazi duten gezurrari buruzko ezer: “Gertatzen dena da familian min handia egon dela, senidea galtzeagatik ez ezik, horren inguruan muntatu zuten gezurrarengatik. Orain arte, ofizialki, heriotzaren arrazoia izan da Rosi hil zela momentu horretan zegokiolako. Orain, ofizialki aitortzen da hori ez zela hala izan. Ordea, gezur hori sortu eta iraunarazi zuenaren inguruan ez dirudi ezer dioenik txostenak. Galdetu diegu ea adierazpen ofizialik edo halakorik egingo zuten, baina ez dute erantzuten jakin”.

Maider Irazusta Rosa Zarraren alaba hunkituta agertu da hedabideen aurrean, bileratik ateratzean.Beñat Parra
30 urte
1995eko ekainaren 30ean hil zen Zarra, 58 urterekin, Ertzaintzaren gomazko pilota batek sabelean jo eta zortzi egunera. Amara Berriko Bakearen Usoaren aurrean zauritu zuten, protesta batean istiluak sortu zirenean. Ordutik, arduradun politikoek ukatu egin dute pilotakadak hil zuela Zarra. Heriotzaren 25. urteurrenean erreportaje zabala egin zuen hedabide honek. Aurten, beraz, 30 urte beteko dira Ertzaintzak Zarra hil zuenetik.
Juan Mari Atutxa jeltzalea zen sailburua 1995ean, eta hark adierazi zuen aurretik zuen gaixotasun batengatik hil zela Zarra, eta berdin-berdin hilko zatekeela pilotakada jaso gabe ere. Familiak salaketa bat aurkeztu zuen arren, Espainiako Toxikologia Institutuaren azterketa anatomiko patologikoak ondorioztatu zuen ezin zirela pilotakada eta heriotza lotu, eta 1995eko irailean artxibatu zuten.
2021ean, Ertzaintzako Esan sindikatuak albiste bat zuzentzeko agindu zion ETB2ri: Zarra gomazko pilota batek hil zuela zioen berriak. Esanek argudiatu zuen epaitegietan ezin izan zela frogatu gomazko pilotakadaren eta heriotzaren arteko lotura.