Gazako sarraskiaren kontra elkarretaratu dira Usandizaga institutuaren aurrean

Israelen azken sarraskiei urgentziazko erantzuna emateko asmoz, Gure Haurrak Ere Badira plataformak “urgentziako elkarretaratzeak” egin ditu Euskal Herriko hainbat ikastetxetan. Donostian, Amara Berriko Usandizaga institutuaren aurrean elkarretaratu dira Palestinako bandera handi batekin.
“Israelgo armada sionistak, AEBren laguntzarekin, su etena apurtu eta Gazan sarraskiekin jarraitzea erabaki du. Ehunka zibil palestinar erail ditu egun gutxitan, azkenak gaur bertan, beste ospitale bati egindako eraso batean. Eraildako gehienak haurrak izaten ari dira beste behin ere. Palestinako herriaren suntsipen sistematikoaren lekuko izaten ari gara. Guzti honek gure barrena iraultzen digu eta inpotentzia nagusitzen doa. Europak, gerra hitza ahotan eta berrarmatzearen bidean, beste aldera begiratzen du, lotsagabeki”, azaldu du plataformak.
Hezkuntza komunitatea ezin dela “isilik” geratu gaineratu dute: “Erailtzen ari diren haur hauek gure seme-alabatzat hartu ditugu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitzen ditugu eta lau haizetara oihu egiten dugu: aski da!”. Gaurko elkarretaratzea ez dute “urrun iritsi nahi duen elkartasun eta salaketa ohi bat” soilik izatea nahi. “Hemen ere eragina izan behar duen eskakizun zehatza ere bada: gure gobernu eta erakundeak zuzenean interpelatzen ditugu. Genozidio honen aurka argi eta tinko posiziona daitezela. Hitzetatik ekintzetara pasa eta genozida den Israelgo Estatutuarekin harreman guztiak eten ditzatela exijitzen diegu. Euskal herritarrok sarraski honen konplize izan ez gaitezen neurriak har ditzatela”, eskatu dute.
Mobilizazio hauek Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioaren (EHIGE), Ikastolen Elkartearen, Publikoaz Harroren, Arabako BDSren, Gernika Palestina herri ekimenaren eta LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuen babesa izan dute.